Euskal Herriko XII. Mus Txapelketako kanporaketak izango dira zapatuan Azpeitian eta Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2020ko urtarrilaren 22a

Euskal Herriko Mus Federazioak antolatutako lehiak Azpeitiko Sanagustin kulturgunean eta Azkoitiko Dean tabernan izango dira. Izen-emateak 14:30ean zabalduko dituzte, eta bikote bakoitzak hogei euro ordaindu beharko du parte hartzeko. Azpeitiko lehia 15:00etan hasiko da eta Azkoitikoa 15:30ean. Parte-hartzaile kopuruaren arabera, Gipuzkoako kanporaketara sailkatzeko aukera izango da.

Euskal Herriko XII. Mus Txapelketako kanporaketak jokatuko dituzte zapatuan, Azpeitian eta Azkoitian. Azpeitian Sanagustin kulturgunean jokatuko dute lehia, 15:00etan. Azkoitiko kanporaketa, berriz, Dean tabernan jokatuko dute, 15:30etik aurrera. Euskal Herriko Mus Federazioak antolatutako lehiarako izen-emateak 14:30ean zabalduko dituzte, eta bikote bakoitzak hogei euro ordaindu beharko du parte hartzeko. Hainbat sari banatuko dute kanporaketa bakoitzean. Azpeitiko kanporaketan 500 euro jasoko dituzte irabazleek eta 250 euro azpitxapeldunek. Hirugarren bikoteak 150 euro eskuratuko ditu, eta laugarrenak 100 euro. Azkoitian, berriz, irabazleek Zakela tabernako afaria irabaziko dute; parte hartzaile guztiek, berriz, ardo botila bana lortuko dute.

Parte-hartzaile kopuruaren arabera, Gipuzkoako kanporaketara sailkatzeko aukera izango da. Azpeitiko kanporaketan hamar bikotek parte hartzen badute, bikote bat sailkatuko da Gipuzkoako lehiara; 11-18 bikoteren artean badira, berriz, bi. Aldiz, 19 eta 25 bikote artean animatzen badira Azpeitiko lehian parte hartzera, hiru sailkatuko dira Gipuzkoako kanporaketara, eta 26 bikotetik gora badira, lau.

Gipuzkoako kanporaketa otsailaren 29an izango da Seguran. Lehia horretan txapelak, garaikurrak, asteburuko egonaldiak, otorduak eta abar banatuko dituzte. Gainera, Euskal Herriko finalera sailkatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Euskal Herriko finala martxoaren 14an izango da, Zigoitian (Araba).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide