Azpeitiko Ikastola Ikasberri

Ikaslea, ardatz eta protagonista

Urola Kostako Hitza 2020ko urtarrilaren 21a

Kimu proiektua jarri zuen martxan Azpeitiko Ikastola Ikasberrik Haur Hezkuntzan duela urte batzuk, ikasleak ikasketa prozesuaren erdian kokatzeko helburuarekin.

Haur Hezkuntzako umeak esperimentazio gunean. (Utzitakoa)

Hausnarketa prozesu batean murgildu zen Azpeitiko Ikastola Ikasberri duela urte batzuk, eta errotik aldatu zuen Haur Hezkuntza.

Ikaslea du ardatz Kimu proiektuak. Ikasle bakoitzaren eta guztien beharrei erantzuteko, kontuan hartzen ditu azken urteetan neurozientzia alorrean haurren ikasketa prozesuen inguruan eginiko ikerketen emaitzak eta ikaste prozesuan esperimentazioak eta segurtasun afektiboak duten garrantzia.

Haurra bere beharretatik eta nahietatik abiatuta joaten da ikasten. Ikasleek beraiek erabakitzen dute egunean zehar zer egin nahi duten, eta irakasleek esperimentatzeko hainbat espazio, material eta proposamen eskaintzen diete gelan ikasleei. Ikasleen garapen integralaren bidean, esperimentazio gune horien helburua da garapen arlo guztiei erantzuna ematea; ikasle autonomoak bideratzea, ikasketa prozesua plazer bihurtuz.

Gurasoak, pozarren

Haur Hezkuntzako proiektu berriarekin irakasleen rola ere aldatu egin da; orain, ikasleak dira gelako protagonista, eta irakasleek asko aldatu dute beraien begirada. Horretarako, formakuntza ez ezik, hausnarketa prozesu luzea jarraitu dute, eta gainontzeko irakasleekin batera espazio berean lan egiten ere trebatu behar izan dute. Garrantzia handia ematen diote ikasleen erritmoa errespetatzeari, haurren adinean arreta jarri gabe. Lehen, umeak jaiotza urtearen arabera banatzen zituzten geletan; orain, ordea, guztiak gela berean egonda, adin desberdinetako haurrek nork bere buruarengandik ez ezik, ikasle gazteagoengandik edo zaharragoengandik ikasteko aukera dute hezkuntza sistema berriarekin.

Iñigo Sudupe eta Aritz Odriozola Azpeitiko Ikastola Ikasberriko bi guraso dira, eta oso gustura daude Kimu proiektuarekin. Sudupek dio bere semeek «beren interesen arabera» ikasten dutela, jolasaren eta esperimentazioaren bidez. Odriozola ere bat dator, eta oso garrantzitsua iruditzen zaio irakasleek umeen erritmoa errespetatzea eta haurrei esperimentatzeko espazioak eskaintzea.
Sudupek eta Odriozolak argi dute ikasleen erritmoa errespetatuta eta irakasleek ikasleei testuinguru egoki bat eskainita, proiektuak onurak ekarriko dizkiela beraien seme-alabei.

Suduperen arabera, Kimu proiektuak ikasleak autonomoak ez ezik, «askeak eta lagunkoiak» izan daitezen laguntzen du. Gainera, Odriozolari metodologiaren «kutsu soziala» ere garrantzitsua iruditzen zaio. Biak ala biak bat datoz esatean Kimu proiektuarekin ez dela inor «atzean» gelditzen ikaste prozesuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide