Hasi da sansebastianetarako atzera kontaketa, eta Urolako Komunikazio Taldeak hainbat berrikuntza eskainiko du jaien aurtengo edizioan. Izan ere, San Sebastian bezperako helduen danborradaren zuzeneko emankizuna egingo dute Urola Kostako Hitzak, Uztarriak eta Erlo Telebistak. 22:00etan hasita, danbor festa zuzenean jarraitzeko aukera izango da hiru hedabide horietan.
Danborrada 22:00etan hasiko da Olazko Andre Mariaren plazatxoaren ingurutik, eta ordu horretan hasita ibilbideko, parrokiako eta plazako irudiak zuzenean ikusi ahal izango dira. Gainera, 23:30etik aurrera, saio berezia eskainiko dute hiru hedabideek udaletxetik. Ignacio Arakistainek eta Mireia Galarzak gidatuko dute emanaldia, eta horiekin hizketan izango da hainbat gonbidatu berezi. Besteak beste, zuzeneko saioan parte hartuko dute San Sebastian eguneko umeen danborradan udalaren omenaldia jasoko duten Rosa Mari Alberdi, Loli Zurutuza eta Maite Gonzalo boluntarioek, Jose Anjel Arruti danborgileak, Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola Festa batzordeburuak nahiz Pedro Illarramendi eta Nagore Illarramendi danbor-jotzaileek.
Saio hori plazako irudiekin tartekatuta eskainiko dute Urola Kostako Hitzak, Uztarriak zein Erlo Telebistak, eta danborrada bukatu bitartean segituko du zuzenekoak. Gainerakoan, San Sebastian jaien inguruko informazio, argazki eta bideo guztiak webgune honetan, Uztarria.eus-en nahiz Erlo Telebistan eskuratu ahal izango da jaietan eta ondorengo egunetan.