Jon Guridi Realera itzuliko da denboraldia bukatzean

Julene Frantzesena 2020ko urt. 16a, 12:15

Denboraldi honetan Espainiako Bigarren Mailako Mirandes taldean ari da jokatzen azpeitiarra, Realak utzita. Guridik HITZAri azaldu dionez, "gustura" da etxera itzuliko delako. Alex Aizpuru 'Kaxe' futbolari azpeitiarrak, berriz, hiru urterako berritu du Ponferradina taldearekin zuen kontratua.

Jon Guridi (Azpeitia, 1995) futbolaria Realera itzuliko da denboraldia bukatzean. Sasoi honetan Burgosko Mirandes taldean ari da jokatzen azpeitiarra, Realak utzita, baina 2019-2020 denboraldia bukatzean Donostiako taldera itzuliko da erdilaria. Guridik UROLA KOSTAKO HITZAri azaldu dionez, "gustura" da etxera itzuliko delako, nahiz eta denboraldi "oso ona" egiten ari den Mirandesekin. Atzo, adibidez, gola sartu zuen Guridik Cadizen aurkako Espainiako Bigarren Mailako partidan. 3 eta 1 galtzen iritsi ziren partidaren hondarrera Guridi eta bere taldekideak, baina luzapeneko minutuetan 3-3 berdintzea lortu zuten. "Izugarria egin genuen atzo, eta gustura nago", azaldu du azpeitiarrak. Mirandes sailkapeneko zortzigarren postuan da gaur-gaurkoz, eta Guridi oso lan ona egiten ari da taldean.

2019ko uztailean batu zen Mirandesera Guridi, talde horrek eta Realak egindako akordioari esker. Ordurako, baina, ondo ezagutzen zuen taldea azpeitiarrak; izan ere, 2018-2019 denboraldiaren bigarren zatian ere han jokatu zuen –Espainiako Bigarren Mailara orduan igo zen Mirandes–. Guridik Lagun Onaken hasi eta Realaren harrobiko taldeetan egin du futbol ibilbidea, eta 2017ko martxoaren 18an egin zuen debuta Realaren lehen taldearekin. Dena den, egun berean, min hartu zuen belaunean, eta geldirik egon behar izan zuen denbora batez. Lesioak tarteko, zazpi hilabete deialdietatik kanpo eman zituen Guridik. 2018ko martxotik futbol zelairik zapaldu gabe egon ostean, urte hartako urrian Reala B taldearekin zelairatu zen berriro. Eta ondoren Mirandesera joan zen azpeitiarra, Realak utzita.

Kaxek kontratua berritu du

Bestalde, Alex Aizpuru Kaxe futbolari azpeitiarrak 2023ra arte luzatu du Ponferradina taldearekin zuen kontratua. Klubak eta aurrelariak joan zen azaroan erdietsi zuten kontratua hiru urtez luzatzeko akordioa, eta beraz, Leongo taldean jarraituko du datozen denboraldietan ere.

Alex Aizpuru prentsa aretoan. (Ponferradina)

Azpeitiarra 2018ko abenduan iritsi zen Ponferradinara; hain zuzen ere, Espainiako Bigarren B Mailan zen taldea orduan, eta neguko merkatuan fitxatu zuen klubak Kaxe. Bahraingo Erresumako East Riffa taldea utzita batu zen Leongo taldera, eta 2018-2019 denboraldian mailaz igo zen Ponferradina. Ordutik, Espainiako Bigarren Mailan da Ponferradina, eta lan ona egiten ari da azpeitiarra. Leongo taldea sailkapeneko hamargarren postuan da egun, eta Kaxek hiru gol sartu ditu denboraldi honetan.

Hainbat taldetan aritu da azpeitiarra azken urteetan: 2017-2018 denboraldiaren erdia Espainiako Hirugarren Mailako Beasain futbol klubean egin ostean, eta han erakutsitako maila onari esker, Espainiako Bigarren B Mailako Rapido de Bouzas taldeak fitxatu zuen 2017ko abenduan. Vigoko (Galizia) taldearekin aritu zen Aizpuru denboraldia bukatu bitartean. 2018ko uztailean, berriz, Asiara egin zuen jauzi: Bahraingo Erresumako East Riffa taldearekin aritu zen hango Lehen Mailan, urte hartako abendura bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide