Sansebastianetako karrozaren egilea

Aitor Exposito: "Baserriko bizitzaren eta lanaren zikloa irudikatu dut karrozan"

Maialen Etxaniz 2020ko urtarrilaren 15a

Aurten lehen aldiz egingo du sansebastianetako karroza Aitor Expositok (Azpeitia, 1994). Baserriko bizimoduan oinarritutako diseinua egin du, eta "arduraz" hartu du eginbeharra.

Zer dela eta animatu zinen karroza lehiaketan parte hartzera?

Iaz piztu zitzaidan lehiaketara aurkezteko grina aurrenekoz. Izan ere, Lagun Onak futbol taldearen 75. urteurrena zen karrozaren gaia, eta neuk urte luzez jokatu dut Lagun Onaken. Banekien diseinua oso gustura egingo nuela, baina ez nintzen lehiaketara aurkeztu, denbora falta tarteko. Orduan arkitekturako ikasketak amaitzen ari nintzen. Aurten, oso ezberdina izan da egoera. Lesio baten ondorioz ebakuntza egin zidaten, eta ondoren, atseden hartu behar izan nuen. Orduan irakurri nuen Uztarrian karroza lehiaketaren deialdia ireki zela, eta animatu egin nintzen.

Aurtengo gaia iazkoaren oso ezberdina da: Baserriko bizimodua, belaunaldiak lotu dituen uzta . Zer iruditu zaizu?

Uste dut aurtengo gaia oso irekia dela. Beste zenbait urtetan zehatzagoa izan da, urtemugaren bat edo... Aurtengoa zabala da, eta horrek baditu abantailak, baina baita desabantailak ere. Neuk ez dut baserriarekin lotura zuzenik izan, kalekoa naiz, baina ondo moldatu naizela uste dut.

Nolakoa izan da sormen prozesua?

Hasieran otu zitzaidan ideia hartu eta proba ugari egin nituen; denbora asko eman nuen horretan. Behin ideia ondo garatuta, gainerako gremioekin jarri nintzen harremanetan: arotzarekin, pintorearekin... Ideia nirea izan bada ere, ikaragarri lagundu didate gainerako langileek. Umeen arropak ere nik aukeratu behar izan ditut. Lan horretan amak asko lagundu dit.

Ondo ibili al zara denboraz?

Bai, uste dut ondo gabiltzala. Iaz nahiko larri ibili zirela esan didate, pintura lehortzeko eta. Gure kasuan, arotzak amaitu ditu bere lanak, eta pintorea atzo zen margoketa lanekin hastekoa.

Ezkutuan gorde ohi da karrozaren diseinua. Hala ere, zertxobait aurreratzerik ba al duzu?

Ziklo bat irudikatu nahi izan dut egindako lanean. Hau da, baserriko bizitzaren, lanaren eta produktuen zikloa irudikatu dut karrozan, baserriko produktuak lortzen direnetik herrian saltzen direnera artekoa, hain zuzen. Hori irudikatzeko karrozaren garaiera ezberdinak –goitik beherako bidea– aprobetxatu dut. Dekoratuaren xehetasunak probestu ditugu koloreak sartzeko, eta uste dut haurren jantziek ere bizia emango diotela karrozari.

Gustatu al zaizu esperientzia?

Orain, itxura hartu duela eta bukatzear dagoela ikusita, merezi duela esango nuke, baina orain arte, kezkatuta egon naiz. Horrelako lan bat egiten dudan aurreneko aldia da hau, eta arduraz hartu dut. Uste dut lehiaketa irabazi nuela eta karroza egin behar nuela esan zidatenean ez nintzela jabetzen zenbat lan nuen egiteko. Paperean egindako diseinua benetan gorpuztuta ikusteak egiten zidan ilusio gehien, eta, egia esan, polita izan da.

Gutxi falta da egindako lana herriratzeko. Zerk kezkatzen zaitu gehien?

Jendearen iritziek eta eguraldiak, esaterako. Ez dakit jendearen iritziak entzun nahi al ditudan edo ez. Horrez gain, bada kezkatzen nauen beste zerbait: oraindik ez ditut haurrak karroza gainean ikusi, eta ez dakit ‘beteegia’ ez ote den geldituko.

Zer da herritarren partetik entzun nahiko zenukeena?

Egia esan, ez nuen uste karrozak horrenbesteko oihartzuna izaten zuenik. Emaitzaren atzean lan handia dago, eta herritarrek hori kontuan hartzea gustatuko litzaidake.

Gainerakoan, gustuko al dituzu sansebastianak?

Bai, atsegin ditudan festak dira; hainbat urtez irten dut helduen danborradan. Aurten, hiru talde berri irtengo dira, eta horietako batean aterako naiz, Inpernue elkarteko taldean. Sokamuturra ere gustuko dut.

Aurtengoak bereziak izango dira...

Ezberdinak izango dira, zalantzarik gabe. San Sebastian bezperan danborradan aterako naiz, baina ezingo dut parranda gehiegi luzatu, hurrengo egunean hitzordu garrantzitsua izango baitut. Eguraldiak laguntzea nahiko nuke, baina ezin jakin. Txarrenean, inauterietan aterako dute karroza berriro. Zain gelditzea besterik ez dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide