Astebete pasatxo falta da sansebastianetarako, eta dagoeneko hasi dira festarako prestatzen Azpeitian. Ohi bezala, ez da faltako danbor nahiz txapa hotsik urtarrilaren 19ko helduen danborradan nahiz hurrengo eguneko haurrenean.
Aurtengoan, gainera, hainbat berrikuntza izango da San Sebastian jaietan. Bazirudien jende gehiagorentzat lekurik ez zela plazan, baina hala eta guztiz ere, hiru talde berri aterako dira aurtengo helduen danborradan. Hain zuzen ere, Izarraitzpe, Ilunpe eta Inpernue elkarteetako talde bana izango da danborradan.
Hiru talde berri, eta beraz, hiru jantzi berri ere izango dira San Sebastian bezperako desfilean: Izarraitzpe taldekoek Urolako treneko langileen jantzia eramango dute; Inpernuekoek Gipuzkoako Tertzioaren jantzia; eta Ilunpekoek Zuberoako maskaradetakoa. Inpernue taldekoek danborra joko dute, eta beste bi taldetakoek, berriz, txapa.
Helduen danborradan hiru talde gehiago ateratzeak aldaketak eragingo ditu antolakuntzan. Danbor-jotzaile guztiek ibilbidea garaiz egin dezaten eta taldeak plazara gauerdirako irits daitezen, ordu laurden aurreratu du danborradaren hasiera ordua udalak. Hain zuzen ere, 22:00etan hasiko da danborrada Olazko Andre Mariaren plazatxoaren paretik –ohiko moduan–, eta Alde Zaharrean barrena ibiliko dira 30 danbor taldeak gauerdia bitartean.
Entseguak datorren astean
Talde berrietako kideak ari dira dagoeneko beraien kabuz entseguak egiten, baina entsegu nagusiak datorren astean izango dira; talde guztietako danbor-jotzaileak elkartuko dira saio horietan. Hain zuzen ere, urtarrilaren 14an, 15ean eta 16an izango dira prestaketa saioak aurtengoan.
Umeen entseguak eta helduenak, bienak izango dira hiru egun horietan, Izarraitz pilotalekuan. Haurrek 16:00etatik 16:50era bitartean egingo dituzte saioak, eta helduek, berriz, 21:00etatik 22:00etara bitartean. Helduen lehenengo eta hirugarrengo entseguetan Udal Musika Banda ariko da danborradako piezak zuzenean jotzen.
Umeen danborradan aterako diren zuzendariak ere dagoeneko hasi dira entseguekin, festa egun handian dena ondo irtengo dela ziurtatzeko.
Sokamuturraren datak ere zehaztu dituzte dagoeneko. San Sebastian eguneko ohiko hitzorduez gain –12:00etatik 12:30era eta 16:30etik 20:00etara ibiliko da zezena kalean urtarrilaren 20an–, urtarrilaren 26an ere aterako dute zezena kalera: 12:30etik 14:00etara, txikien sokamuturraren irteera eta zezen txikiak nahiz poniak izango dira plazan; eta 16:30etik 20:00etara bitartean, berriz, helduen sokamuturra egingo dute.