Urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin bat egitera deitu dute Azpeitiko hainbat eragilek

Nerea Uranga 2020ko urt. 9a, 19:02

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak greba orokorrera deitu du urtarrilaren 30erako. Lana, pentsioa eta eskubide sozialak dira aldarrikapenaren hiru ardatz nagusiak. Herri mailako Greba Batzordea osatzeko Azpeitiko hainbat eragile, sindikatu eta norbanako elkartu dira. Mobilizazioarekin bat egitera deitzearekin batera, greba bera babestuz argazki jendetsua aterako dute hilaren 23an, Azpeitiko Azoka Plazan.

Urtarrilaren 30erako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu duen greba orokorra bultzatzeko, Azpeitian Greba Batzordea osatu dute hainbat eragile, sindikatu eta norbanakok. Batzorde horrek gaur, osteguna, agerraldia egin du eta mobilizazio horretan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Hiru oinarri hartuta deitu dute mobilizazioa: lana, pentsioa eta eskubide sozialak. "Oinarri horiek bermatzeko, Karta Sozialak egin duen aldarrikapenen taula geure egiten dugu. Eskubidea dugu eta lortu arte borrokan jarraituko dugu, planeta suntsitzen ari den sistema ekonomiko eta sozial kapitalista, neoliberal nahiz patriarkal honek ezartzen duen logikaren aurka", azaldu du batzordeak.

"Sistemaren aldaketa errradikala bultzatzeko eta ofentsibara pasatzeko" mobilizazio erraldoi gisa irudikatu du Greba Batzordeak hilaren 30eko greba orokorra: "Argi daukagu sistema berri bat behar dugula. Sistema horrek gutxi batzuen aldeko eta gehiengo sozialaren kontrako logikarekin apurtu behar du, eredu sozioekonomiko alternatibo bat eskainiz, erdigunean jarriz zaintza eta bizitza".

Aldaketa hori bideratzeko "denen beharra" aldarrikatu dute, horregatik greba orokorrarekin bat egitera deitu dituzte azpeitiarrak: "Mobilizatzea beharrezkoa da aldaketa denon artean bideratzeko. Presioa egitea beharrezkoa da patronalak eta erakundeek gure eskaeren aurrean amore emateko".

Hilaren 30erako deitutako greba orokorra 24 ordukoa dela gogorarazi du Greba Batzordeak. "Enplegu, zaintza eta kontsumo greba da. Horrez gain, pentsiodunak, ikasleak eta langabetuak ere grebarekin bat egitera deitzen ditugu". Zaintza grebari lotuta, ezinbesteko zaintza lanak bermatzeko, gutxieneko zaintza zerbitzuak "kolektiboki" antolatzeko asmoa azaldu du: "Urtarrilaren 30ean zaintza eta atseden gunea jarriko da egun osoan Azoka Plazan". Kontsumo grebaren baitan, greba feministak sustatuta, kontsumoaren inguruko gogoeta ere bultzatuko dute urtarrilaren 30ean.

Greba babesteko argazkia, hilaren 23an

Greba orokorrari babesa agertzeko eta herritarrak grebarekin bat egitera "animatzeko", argazki erraldoira deitu ditu herritarrak Greba Batzordeak. Urtarrilaren 23an, osteguna, egingo dute argazkia, 19:00etan, Azpeitian Azoka Plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide