"Hemen nago berriro", dio Libe Aranburu (Azpeitia, 1982) aktoreak. Aspaldian antzerki mundutik aldenduta egon da; ama izan zenetik, duela sei urtetik, obra batean parte hartu gabe zegoen, eta oraintxe izan du mundu horretara itzultzeko aukera: Borobil Teatroaren Hansel eta Gretel antzezlaneko aktoreetako bat da. Eta ederra izan da itzulera: "Nahi nuen, behar nuen hutsune hori betetzea".
Grimm anaien Hansel eta Gretel ipuin ospetsua oinarritzat hartu eta haren "bertsio dibertigarri bat" egin du Borobil Teatroak. Anartz Zuazua da lanaren zuzendaria, eta Aranbururekin batera, Kepa Errasti eta Asier Oruesagasti dira antzezlaneko aktoreak. 6 urtetik gorako haurrei zuzendutako obra da Hansel eta Gretel, eta 50 minutuko iraupena du. Abenduaren 27an estreinatu zuten, eta guztira, hiru emanaldi egin dituzte; aurrerantzean, beste hainbat saio ere egingo dute Euskal Herrian zehar, martxoa-apirila bitartean. Aranburu "pozik" dago obra izaten ari den harrerarekin.
Gretel hezurmamitu du azpeitiarrak antzezlanean, baina beste pertsonaia batzuei ere eman die bizia: besteak beste, Hanselen eta Gretelen amonari nahiz komisarioari. Aktore bakoitzak hainbat pertsonaia antzezten du, eta horregatik, obra "oso aktiboa" dela nabarmendu du Aranburuk.
Istorioak honako hau kontatzen du: "Hanselen eta Gretelen aita da Juan Mari, eta jatetxe bat dauka hark. Jatetxe horren aurrean hanburgeseria bat zabaldu dute, eta Juan Mariri banketxeak kenduko dio negozioa. Hori da antzezlanaren abiapuntua, eta horri lotuta, mezu bat transmititu nahi du: jateko azkarrak zer kalte egiten digun kontatu nahi du, eta zein osasungarria den bertako jatekoa". Kontakizuna "indartsua" izanagatik, umorearekin ondo uztartzen dela nabarmendu du aktoreak.
Mezu hori emateko, Hansel eta Gretelen jatorrizko bertsioa hartu dute oinarri: "Hansel eta Gretel basora joango dira, jatorrizko ipuinean bezala, eta han, txokolatezko etxe batekin topo egin beharrean, zuhaitz batekin egingo dute topo; zerbait aurkituko dute zuhaitz horretan. Sorginik ere ez dago kontakizunean, baina badago beste pertsonaia bat sorginaren lekua hartuko duena".
Etapa berrirako prest
Hainbeste denboran agertokietatik aldenduta egon ostean, "ilusioz beterik" dago azpeitiarra proiektu berriarekin. "Haurdun gelditu nintzenean, utzi egin nuen antzerkia. Gero, agian, besteak ez dira asko oroitzen zutaz, eta zeuri ere askotan kostatu egiten zaizu mundu horretan muturra sartzea; eta horrela eman ditut sei urte. Orain, sekulako gogoarekin nago. Ez nuen bi aldiz pentsatu antzezlanean parte hartzea proposatu zidatenean. Antzeztera joaten naizenean, ez naiz ama, ez naiz ezer; aktore lanean aritzen naiz buru-belarri. Hori bai, gogorra ere izan da prozesua; izan ere, obra potentea da Hansel eta Gretel, eta fisikoki lana eskatzen du. Baina psikologikoki mundiala izan da niretzat".