Ilusioa eta gozokiak ekarri dituzte Errege Magoek Azpeitira

Julene Frantzesena 2020ko urtarrilaren 5a

Arratsaldeaz geroztik Azpeitian dira Errege Magoak. Lasao auzora txu-txu trenean iritsi dira hiru erregeak eta horien laguntzaileak, eta hango haurrak nahiz gaztetxoak agurtuta, Azpeitira abiatu dira. 17:30erako jendez leporaino beteta zegoen Soreasuko Sebastian Donearen parrokiaren ataria; izan ere, dozenaka ume eta gaztetxo Errege Magoei ongietorria egiteko prest ziren. Txu-txu trenetik jaitsi eta zain zituzten herritarrak agurtuta, parrokiara sartu dira Errege Magoak. Han Jaiotza ikusi dute, eta irteeran gozoki ugari banatu dituzte atarian ziren herritarren artean.

Atseden pixka bat hartuta, 19:00etan hasi dute kabalkada, igerilekuaren aurretik. Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek hainbat gaztetxo eta musikari izan dituzte lagun ibilbidean, eta kalez kale ibili dira gozokiak banatzen eta haurren eskaerak jasotzen. Aurten ere 600 kilo gozoki banatu dituzte, eta gaztetxoek gustura bildu dituzte horiek. Ondoren, plazan egin dute geldialdia erregeek, eta herritar ugari izan dira haiei azken eskaerak egiten eta haiek udaletxeko balkoitik esanak entzuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide