ISBk jokatuko duen Zilarrezko LEB Ligaren Kopa finalerako sarrerak igandera bitartean daude salgai

Andoni Elduaien 2019ko abenduaren 19a

Azkoitiko Elkargunean jokatuko dituzte ISBko bi talde nagusiek ligako partidak asteburu honetan. Añares Rioja ISBk  larunbatean 18:00etan jokatuko du, eta Juaristi ISBk igandean, ordu berean. Iraurgi SBko bazkideek aukera izango dute abenduaren 28an Azpeitian jokatuko den Zilarrezko LEB Ligako koparako sarrerak erosteko.

Juaristi ISBk abenduaren 28an Azpeitiko kiroldegian jokatuko du Zilarrezko LEB Ligako Kopako finala (19:00etan hasita). Partida bakarrera jokatuko dute kopa, eta norgehiagokarako sarrerak igandera (abenduak 22) bitartean eskuratuko ahalko aurrez. Gaur eta bihar, 18:00etatik 20:00etara Azpeitiko kiroldegiko leihatilan jarriko dituzte saltzen sarrerak aurrez erosi nahi dituztenentzat. Asteburuan, berriz, Añares ISBk eta Juaristi ISBk Azkoitiko Elkargunean jokatuko dituzten partidetan ere egongo da aukera sarrerak erosteko. 

Iraurgi saskibaloi elkarteko bazkideek hiruna sarrera eskuratzeko aukera izango dute, bakoitza bost euro ordainduta. Gainontzekoek hamabost euro ordaindu beharko dute sarrera bakoitza. 5 urtetik 18 urtera bitarteko gazteek, bestalde, bost eurotan eskuratu ahalko dute.

Gironaren aurkako finala

Juaristi ISBk eta Gironak jokatuko dute Espainiako saskibaloiko Zilarrezko LEB Ligako Kopako partida abenduaren 28an Azpeitiko kiroldegian, 19:00etan hasita. Kopako partidaren bueltan, egun osorako egitaraua prestatuko du ISBk. Goizean, 10:00etatik 12:00etara, 3x3ko saskibaloi partidak jokatuko dituzte Iraurgiko teknifikazio eskolako haurrek Azpeitiko plazan; 300 haur ariko dira saskibaloian jolasean. Parte hartzaileentzako txokolate-jana ere antolatu dute.

Talde nagusiak, Azkoitian

Asteburuan, Azkoitian jokatuko dute ISBko bi talde nagusiek. Añares Rioja ISBk zapatuan 18:00etan jokatuko du, Elkargunean, Pacisa Alcobendas taldearen aurka. Igandean, berriz, Juaristi ISBren txanda izango da. Bierza Fitness Dentomedic CDP taldearen aurka jokatuko du Azkoitiko kiroldegian, 18:00etan hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide