Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak beste urte batez antolatu du eskuz binakako Emakumea Pilotari Txapelketa, eta bihar, ostirala, jokatuko dituzte lehen jardunaldiko partidak Azkoitian eta Azpeitian. Guztira, eskualdeko sei pilotari arituko dira Lehen eta Bigarren mailetan; Eneritz Arrieta Azkoitiarra nahiz Oihana Orbegozo eta Alaitz Badiola azpeitiarrak Lehen Mailan arituko dira, eta Naroa Agirre arroarra, Maddi Unanue zestoarra zein Oihana Unanue azpeitiarra, berriz, Bigarren Mailan.
Lehen Mailako partidak Azkoitian jokatuko dituzte, Gurea pilotalekuan; Arrieta-Mendizabal bikoteak Bergara-Arrillaga bikotearen aurka neurtuko ditu indarrak, eta Araiztegi eta Orbegozok Larrarte eta Badiola izango dituzte aurrez aurre. Partidak, 19:30an hasiko dira. Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, aldiz, Bigarren Mailako partidak jokatuko dituzte; Maddi Unanuek eta Oihana Unanuek osatzen duten bikoteak Tolosaren eta Arraizaren aurka jokatuko dute. Azpeitian jokatuko den beste partida, berriz, Zubizarreta-Etxeberria eta Arteaga-Ugartemendia bikoten artekoa izango da. 19:00etan hasiko dira partidak.
Guztira, hamar bikote ariko dira bihar hasiko den txapelketan: Lehen Mailan bost eta Bigarren Mailan beste bost. Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute, Gipuzkoako hainbat herritan, abenduaren 20tik otsailaren 2a bitartean; tartean, urtarrilaren 25ean Zestoan jokatuko dute jardunaldietako bat. Ligaxka bukatuta, otsailaren 8ko asteburuan izango dira finalerdiak, eta finalak, berriz, otsailaren 15ean. Euskal pilotan emakumeen presentzia aldarrikatzeko eta sustatzeko helburuarekin antolatu zuen Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak txapelketa berri hau joan zen denboraldian, eta ekimenaren arrakasta ikusita, txapelketa beste urte batez antolatzea erabaki du federazioak.