Datorren hilean hasiko dira eraikitzen Azpeitian Esklabetako babestutako lehen etxeak

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 18a

Azpeitiko Esklabak-Iturtzulo eremuan urtarrilean hasiko dituzte babestutako etxebizitzen aurreneko faseko obrak. Hogei hilabeteko epean aurreikusi dute lanak bukatzea. Altuna y Uria enpresak egingo ditu obrak. Udalak jakinarazi duenez, lehiaketan enpresa horrena izan da proposamen onena.

Urtarrilean hasiko dira eraikitzen Azpeitiko Esklabak-Iturtzulon lehen faseko babestutako etxebizitzak. Aurreneko fasean, 62 etxebizitza eraikiko dituzte: 29 babes ofizialekoak eta 33 tasatutakoak. Hogei hilabetetan egin nahi dituzte lehen faseko obra horiek, 2021. urteko udazkenerako. 9.953.641 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute lehen faseko lanek.

Altuna y Uria enpresak eraikiko ditu etxebizitzak. Azpeitiko Udalaren esanetan, enpresa hori izan da orokorrean puntuazio altuena atera eta eskaintza ekonomiko onena egin duena lehiaketan. Etxebizitzak nork eraikiko zituen erabakitzeko lehiaketa udaberrian hasi zuen udalak; hiru enpresa aurkeztu ziren lehiaketara."Etxeak eraikitzeko obra esleitzeko lehiaketa publikoaren prozesua konplexua eta luzea da. Hala ere, aurreikusitako epeetan eta arazorik gabe gauzatu dugu dena. Horrela, pauso garrantzitsua da lehen faseko obra hauek esleitzea. Hala, etxebizitza premiari aurre egiteko hartutako erabakiak gauzatzen ikusten hasiko gara guztiok”, adierazi du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak.

Bigarren faseko etxeetarako izen-ematea amaituta

Esklabak-Iturtzulo eremuan bigarren fase bat ere egingo dute. Fase horretan, 67 etxebizitza eraikiko dituzte; horietatik 39 babes ofizialekoak izango dira, eta 28 udal sustapenekoak. Babes publikoko etxebizitzen bigarren faseko zozketan izena emateko epea dagoeneko bukatuta dago, urritik abenduaren 2a bitartean egon zen zabalik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide