Hoi Denk Zirkue! ikuskizuna abenduaren 26an egingo dute, Azpeitian. Ohi bezala, Azpeitiko Gaztetxeak antolatu du emanaldia Gabon sasoirako. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ez da entretenimendurik faltako aurtengo saioan. "Aurrerapen bezala, jakinarazten dizuegu aurtengo zirkua benetan potoloa izango dela, eta inoiz baino artista gehiagoren emanaldiak ikusteko aukera izango dela Gaztetxean", esan dute.
Zirkuko gala nagusia 19:00etan hasiko da, baina Gaztetxeko ateak 18:30ean zabalduko dituzte, bertaratzen diren ikus-entzuleak pixkanaka esertzen joan daitezen, eta horrela ikuskizuna ahalik eta puntualen has dadin. Gainera, krispetak izango dira bertaratzen direnentzat.
Zirku tailerra ere bai
Iaz, gala nagusiaren egun berean, goizean, gaztetxoentzako zirku tailerra egin zuten. Asko izan ziren bertan parte hartzera animatu zirenak, eta aurten ere prestatu dute zirku tailerra. Oraingoan, baina, 16 urtetik gorako pertsonei zuzendutako ikastaroa izango da. Bertan parte hartu nahi dutenek azpeitikogaztetxie@gmail.com helbidera idatzi behar dute, parte hartzaileen izen-abizenak zehaztuz.