Sei mila lagun agertokira begira. Eta zortzi bertsolari haien aurrean. Giro bikaina. Zale ugari. Larunbateko 17:08 dira, eta zozketak erabakitako hurrenkeran sartu dira Illunbeko pistara Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean abestuko duten bertsolariak: Jon Maia, Agin Laburu, Nerea Elustondo, Alaia Martin, Beñat Lizaso, Oihana Iguaran, Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendi. Irribarrez igaro dute pistarako tunela, jendeari begira. Agertokira igo dira bertsolari guztiak, eta haiek banaka aurkeztu ditu Jon Zaldua gai-jartzaileak. Lehen txalo zaparrada ikaragarria; Illunbeko jende itsasoa saioa entzuteko prest dago.
Eta bakoitzak beretik lehen agurra. Maiak hainbat lagun omentzeko probestu du unea, hala nola aurten hil diren Aitor Sarasua, Juanito Mitxelena eta Jon Barberena. Lizasok, berriz, umorez osatu du agurra Azpeitiaren, Illunberen eta zezen plazaren arteko lotura eginda: "...kapote gabe puertagayola aurkeztu naiz zuengana/ beldurrik gabe lortzeko asmoz bi belarri ta buztana".
Lan puntuagarriak
Zortziko handiarekin hasi dute saio puntuagarria. Eta abesten aurrenak Maia eta Laburu. Lan prebentzioa jarri diete haiei kanturako gai; ikastaroa egiteko asmorik ez du Maiak, baina bai Laburuk. Hitz joko ederra osatu du zumaiarrak hirugarren bertsoan: "...ta nik etxera bueltatu nahi det bizirik ta nire kasa/ arnasa ez da arnesa eta arnesa ez da arnasa".
Lizaso eta Iguaran gero, eskiatzera joan nahi duen bikotearen paperetik. Gurasoei dirua eskatu edo ez; horixe koska. Hala hasi du lehen bertsoa azpeitiarrak: "...ta gurasoei eskatzea da neretzako aproposa/ ze pasatu behar degu inbidia ala lotsa?". Oihanaren erantzuna: "...hobe murriztu aurrekontua astindu aurretik aita/ edo fondoko eskia egin askoz merkegoa da ta".
Zortziko txikia dator segidan. Umorera jo dute bertsolari gehientsuenek, gaiek ere ematen baitute horretarako. Maiak eta Martinek bertsoaldi surrealista samarra osatu dute sobratutako ogiak banatzen dituen okinaren eta itxi baino bost minutu lehenago okindegira joaten den herritarraren roletatik. Lizasok, berriz, Gaztelumendirekin osatu du ofizioa: Gaztelumendik zerbait esaten duenero, Lizasok azken hitza esan behar izaten du. Horixe gaia. Hala esan dio Gaztelumendik: "...Beñat hasia nago nazkatzen jadanik/ beti daukazu zerbait edozer esanik/ ia ez det sinisten lagunak geranik". Eta Lizasok: "...zure hizketa mota kontuan hartuta/ dena baldin badakit ez da nere kulpa". Eta azkenengoan Lizasok. "...Beñat uste det bioi eingo digula on/ ni hasiko naiz eta zu isilik egon".
Segidan puntu-erantzunak. Gaia eta lehen puntuak emanda hiruna bertso osatu behar. Litxarreriak Maiarentzat gaia. Aurreneko bertsoa: "Umeen aitzakian helduok barrura/ nola beti dauzkagun hurbil ta eskura/ litxarreriak nik sarritan gustura/ nahiz ta ja ez daukadan umean itxura". Lizasorentzat angulak. Gai-jartzailearen puntua: "Iritsi da angulak jateko garaia...". Laster erantzun dio Lizasok: "...urrutitik hartu beharko usaia/ nahiz askori ipini zapore alaia/ berriz geratuko zait probatzeko nahia».
Saioa aurrera...
Umoretik gai sakonagoetara. Hamarreko txikiko ariketa iritsi da. Maia eta Elustondo portuko langileak arrantzontzi batean iritsi diren migratzaileez. Lan txukuna osatu dute. Lehenengoa hala bukatu du zumaiarrak: "...baina zein ederra gaur dakarren arrantza/ hamar bizitza berri ta hamar esperantza". Migratzaileen etorkizunaz kezkatuta Elustondok: "...baina saiatuko naiz ahal dala gehiago/ hoien etorkizuna gure esku dago".
Lizaso eta Labaka bortxaketa jasan duen neska gazte baten gurasoen roletik, etxepean telebista kamerak dituztela. Lizasok horrela: "...ikusten degu modu hain desberdinetik/ jende askok jaten du besteen minetik". Eta Labakak hala: "...izena zabaltzean nahikoa oker zen/ kamarak guregana dituzte okertzen/ baina bortxatzailea ez da inon agertzen".
Lehen zatiko azken ariketara iritsi dira. Maia amona baten bakardadea obran islatu duen eskulturgile baten paperean jarri dute. Eskultura deskribatuta, zera azpimarratu du: "...gehien ikusten dena da ikusten ez den bihotza". Bigarren bertsoan eskulturako protagonista edonor izan daitekeela esan du, eta hala bukatu du hirugarrena: "...honek ez du aldatuko ez bizitza ez suertea/ baina posible da inork maite zaitut esatea". Bakarkakoan lan polita eginda bukatu ditu ariketa puntuagarriak.
Lizasoren txanda. Honako gai hau egokitu zaio azpeitiarrari: "Azal beltzaranekoa zara. Euskal hiztun gehienek gaztelaniaz egiten dizute lehen hitza". Ondo hasi du bertsoaldia: "...hemen hazi naiz, hemen hezi naiz, ta ze sentipen arraro/ jende guztia dedan itxura beltzari begira dago/ batzutan pentsa izan det gero, ezin dudala gehiago/ baina batzuen mingaina beti zergatik doa lehenago". Baina ez du hiru bertsoak josten asmatu, eta ariketarik kaskarrenetakoa horixe izan da Lizasorentzat.
Agurrak eta adierazpenak
Maia eta Lizaso buruz burukotik kanpo gelditu dira; Laburu eta Gaztelumendi ariko dira txapelaren bila. Hiru ariketa eginda, Gaztelumendi da nagusi; azken lau urteetan buruan izan duen txapela berretsi du. Finala hasi denetik lau ordu pasatu dira, eta hasi dira bukaerako agurrekin. Maiak, zortzigarren sailkatu arren, umoretik bota du agurra: "'Aurten Jon bai', txapela batzuek irrikan/ ta nik entzuten nien erdi inbiditan/ kantari segiko det berriro herritan/ txikitan hasi nuen nere dinamikan/ hauxe aitortuko det gainera egitan/ bertsolaria izan nahi nuke handitan".
Zazpigarren sailkatu den Lizasok aitona Joxe izan du gogoan: "Aurrena eskertu nahi det zue danon erantzuna/ etxeko eta lagunek emandako maitasuna/ aipamen bat Nahikariri zu bai zerala laguna/ Gurutze zuri musu bat zu zera jasaten nauna/ baina bada norbait gure ondotik aspaldi juna/ bidea hasi zuena, naizenaren erruduna/ guzti hau zeuretzako da ene attitte kuttuna/ nere egun handiena bizitzeik euki eztezuna". Azken hitza esatearekin txalo zaparrada ikaragarria jaso du azpeitiarrak.
Saioa bukatzean, egindakoarekin "gustura ez" dela gelditu adierazi du Maiak. Saioa ondo hasi badu ere, litxarrerien gaiak ezustean harrapatu du. "Saiotik atera naiz une horretan, eta bakarkakora iristerako, bukatzea nahi nuen". Lizasok, berriz, "gozatu" egin du. "Gustura jardun dut, baina azkenerako nekatu egin naiz". Lizasok askotan aipatu du txapelketen aroa bukatzen ari zaiola, eta kantuz agurtu ez bada ere, zera aipatu du: "Uste dut nire txapelketak hemen amaituko direla".