Urrezko Aizkolari Kopako finalera sailkatu da Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra

Urola Kostako Hitza 2019ko abe. 15a, 18:27

Jon Rekondoren aurka jokatu du gaur, igandea, aizkolari azpeitiarrak Urrestillako Txikuri pilotalekuan.

Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra Urrezko Aizkolari Kopako finalera sailkatu da. Gaur, igandea, Urrestillako Txikuri pilotalekuan jokatu dute finalerdia Mikel Larrañagak eta Jon Rekondok.

Azpeitiarrak 27 minutu eta 50 segundoan ebaki ditu hamabi kanaerdiko enbor. Rekondok, berriz 28 minutu eta 49 segundo behar izan ditu. Larrañagak eman du, beraz, Urrezko Aizkolari Kopako finalerako sailkapena. Finala Julen Alberdi aizkolari azkoitiarraren aurka jokatuko du Larrañagak abenduaren 31n, Asteasun (Gipuzkoa).

Aizkolariez gain, Gabonetako Harrijasotze Txapelketako eta Emakumeen Gabonetako Ingude Txapelketa jokatu dituzte Urrestilan. Beñat Telleria harri jasotzaileak 78 altxaldi eman dizkio harriari. Ingude lehian, berriz, Maika Aristegi nagusitu da Estibaliz Cidaden aurka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide