Landa eremuarekin lotura handirik ez zuten orain arte Ainara Garcia (Azpeitia, 1987) eta Ekaitz Arrese (Lemoa, Bizkaia, 1977) Azkoitiko bizilagunek. Gezurra dirudi, bi Urkome sari poltsikoratu baititu haiek ondutako Jaki-Saski proiektuak: Iraurgi Berritzenen eta UKUEren saria eta boto bidezko sari irekia. Haiekin batera, Julen Fernandez (Donostia, 1986) sukaldaria da proiektuaren hirugarren sustatzailea. Honako hau da egitasmoa, funtsean: bertako elikagaiekin osatutako tuperrak banatuko dituzte inguruko etxeetara, lantokietara edo nahierako lekuetara.
Behar bat atzeman zuten gizartean, eta hori izan zen egitasmoaren ernamuina. "Jende askok ez dauka denborarik sukaldean aritzeko. Hemen inguruan asko dira lanera tuperra hartuta joaten direnak eta beti gauza bera prestatzen dutenak. Gainera, askok ez dute osasuntsu jaten", azaldu du Garciak. Horri irtenbide bat eman nahian sortu dute Jaki-Saski, "dieta osasuntsua eta anitza" ahalbidetuko duen egitasmoa.
Honako modu honetan funtzionatuko du proiektuak: interesatuek, gutxienez, jatordua jaso baino lau egun lehenago egin beharko dute eskaria webgunean; ondoren, Fernandezek otorduak prestatuko ditu eta norberak nahi duen lekuan jasoko du eskatutako tuperra.
Hasiera batean, behintzat, eguneko jatordu bat prestatuko dute: bazkaria. Eta ez da menua aukeratzerik izango, tokatzen dena jan beharko da –hilean bizpahiru aldaketa egiteko aukera izango dute erabiltzaileek, zerbait gustatzen ez bazaie–. Egun bakoitzeko plater bat jasoko dute eskaria egiten dutenek, "jatordu osasuntsu batek behar dituen osagai guztiak izango dituena". Hilabete osoan ez da menurik errepikatuko; beraz, askotariko elikagaiak jan ahal izango dituzte herritarrek: barazkiak, lekaleak, arraina, haragia... Sustatzaileen arabera, garaiko produktuek izango dute lehentasuna otorduetan.
Astelehenetik ostiralera banatuko dituzte platerak; momentuz, asteburuetan ez dute eskainiko zerbitzurik. Lau pertsona baino gehiagoko taldeei egunero banatuko dizkiete tuperrak; kopuru hori baino gutxiagoko taldeei edo norbanakoei, berriz, astean bitan eramango dizkiete aste osoko platerak.
Elikagaiak bezeroarengana ahalik eta egoera onenean iristea da proiektuaren helburua, eta horretarako, hotzaren katea baliatuko dute: "Jakiak prest egon baino hiru minutu lehenago utziko diogu horiek prestatzeari; ondoren, makina batean sartuko ditugu, eta tenperatura jaitsiko diegu. Horrela, elikagaiak eginda gelditzen dira, baina bukatu gabe. Jakiak mikrouhin labean bizpahiru minutuz berotzean egongo dira prest. Beraz, eginberria bezala gelditzen da platera", adierazi du Arresek.
Ingurumena zaintzeari ere garrantzi handia eman diote Jaki-Saskiren sustatzaileek. Horregatik, ahalik eta hondakin gutxien sortuko dute prozesuan. "Konpostagarriak izango dira tuperrak, baita baliatuko dugun gainontzeko materiala ere", diote.
Gainera, kontzientzia lana ere egin nahi dute. Norberak bere tuperra jasotzen duenean, bertan zehaztuta izango du zer jaten ari den, baita proiektuaren balioak zeintzuk diren ere. Era berean, sare sozialak baliatuko dituzte kontzientziaziorako. "Plater bakoitzaren elikagai nagusiaren inguruko informazioa hedatuko dugu. Adibidez, menuaren osagai nagusia tomatea bada, tomate hori zein baserritan ekoitzi den azaldu eta baserritar horren inguruko informazioa emango dugu", esan du Garciak. Gauza bera egingo dute gainontzeko jakiekin ere. "Jendeak zer jaten ari den jakitea nahi dugu, askotan ez baitu informazio hori izaten".
Egitasmoak hainbat balio sustatzea du helburu, eta Jaki-Saskiren sortzaileek hori helarazi nahi diete herritarrei. Honako hauek dira proiektuaren zutabeak: osasungarria izatea, plastikorik eta zaborrik ez sortzea eta bertako ekonomiaren aldeko apustua egitea. Hori guztia hauspotu nahi dute. "Bertako elikadura oinarri hartuta, jendea kontzientziatzeko modu bat da Jaki-Saski, jendeari bizimodu osasungarria eta praktikoa eskura jartzeko era bat. Kontua ez da soilik jatekoa bidaliko dugula, hori janzten duen dena da proiektua", azaldu du Garciak.
Hasiera: Herrikoloreak
Hamalu hilabete daramatzate Garciak eta Arresek proiektuan buru-belarri murgilduta. Herrikoloreak Azkoitiko I. Kultur Eguna antolatu zuten iaz hainbat herritarrek, eta tartean ziren Garcia eta Arrese. Hura amaitzean, egitasmoa ondo atera zela ikusita, zerbait egiteko gogoa sortu zitzaien. "Astean bi aldiz gelditzen ginen Rooibos bat hartzeko, eta ideiak biltzen hasi ginen", azaldu du Garciak. Herrikoloreak egitasmoa inolako irabazi asmorik gabe antolatu zuten, eta oraingoan, bizimodua aurrera ateratzen lagunduko zien zerbait egitea nahi zuten: "Gure gustuko zerbait egitea nahi genuen, jendeari zerbait emango ziona, baina era berean, gure lanbide bilaka zitekeena", erantsi du Arresek.
Hala, ideia zerrenda luze hartatik Jaki-Saskiren proiektua hautatu zuten, eta pixkanaka, hura lantzen hasi ziren. Hasieran, Garcia eta Arrese izan ziren ideia garatu zutenak, baina sukaldari bat ere behar zuten egitasmorako, eta orduan batu zen proiektura Fernandez.
Hasieran, Urkomeren atea jo zuten sustatzaileek, ez zutelako halako egitasmo bat martxan jartzeko beharrezko jakintzarik. Haien laguntzarekin garatu dute proiektua, eta haien aholkuz aurkeztu ziren Urkome sarietara. Bi sari jasota, egitasmoa harrera ona izaten ari dela nabaritu dute. Gainera, kolaborazio sarea ere osatu dute: Aitziber Aizpuru nutrizionistak lagundu die menuekin, Enrique Fleischmann sukaldaria bidelagun dute, Xanti Rodriguezek egin die irudi korporatiboa, Elikagunearekin harremanetan daude, Elkarmediak egingo die webgunea...
Jaki-Saski 2020ko urtarrilean martxan jartzea zen sustatzaileen asmoa, baina azken xehetasun batzuk ixteko dituzte oraindik, eta horiek lotzean hasiko dira proiektuarekin. Azkoiti-Azpeitian otorduak banatzen hasiko dira lehenik, eta gero joango dira eremua zabaltzen; Euskal Herri osoan zerbitzua eskaintzea da haien asmoa. Gainera, Mexikon antzeko proiektu bat abiaraziko dute laster.