Sakelakoen dema Sanagustinen

Mailo Oiarzabal 2019ko abenduaren 12a

'Egunean Behin' joko birtuala hezur-haragizko bihurtuko da zapatuan Azpeitian. Mugikorrak eskuetan, 150 lagun lehiatuko dira etzi euskarazko aplikazio arrakastatsuaren lehen finalean.

'Egunean Behin' jokoaren hasierako pantaila. (Mailo Oiarzabal)

Telefono mugikorra hartu. Egunean Behinen ikonoa ukitu. "Jokatu" dioen botoitxo berdeari sakatu. Hasi da atzera kontua: "Prest? 3, 2, 1". Eta hor dator lehen galdera pantailara: hiru erantzun posible aukeran, bakarra aukeratu behar; bakarra da, halaber, erantzun zuzena. Baina ezin jakin asmatu den ala ez, lehen galdera horren atzetik etorriko diren beste bederatziei erantzun eta azken emaitza begien aurrean azaltzen den arte. Ahalik eta erantzun zuzen gehien ematea ez ezik, garrantzitsua da erantzunak ahalik eta azkarren ematea ere, puntu gehiago lortu ahal izateko.

Segida hori pausoz pauso jarraitzen dabiltza milaka euskaldun azken hilabeteetan, egunero, astelehenetik igandera, eta egunean behin bakarrik. Codesyntax enpresak martxoan jarri zuen eskuragarri Egunean Behin, Android eta Iphone sakelakoetan doan deskargatu eta erabil daitekeen aplikazioa; tribial erako galdera-erantzunen euskarazko jokoa. Lehen denboraldia uztailean bukatu eta irailean hasi zuten bigarrena. Gabonen ondoren amaituko da hori, baina urtarrilean hirugarrenari ekin aurretik, ikusmina piztu duen hitzordua prestatu dute: etzi, Egunean Behin jokoaren lehen aurrez aurreko finala jokatuko dute 150 lagunek Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. 12:00etan hasiko da ordubete inguru iraungo duen saioa, eta Kike Amonarrizek gidatuko du.

Ahoz aho, taldez talde

Lehen denboraldia bukatzerako, udako etenaren aurretik, 10.000 lagun inguru ziren astero partidaren bat jokatzen zutenak. Joan den astean, berriz, 50.000 jokalariren langa gainditu zuen lehen aldiz Egunean Behinek, eta aste honetan ere ez dabil hortik urruti.

Azken hilabetean "komunikabideetan nahikoa oihartzun" izateak izango zuen zenbakien biderkatze harrigarri horretan eragina Josu Azpillagaren ustez; Codesyntaxeko ingeniari azpeitiarra da Egunean Behin aplikazioaren garatzaile eta arduradunetako bat. Hala ere, Azpillagak nabarmendu du "ahoz aho eta taldeei esker asko hazi" dela jokoaren hedapena eta "hazkundea konstantea" izan dela hasieratik, astero %10 bueltan igoz joan baita erabiltzaileen kopurua. Sanagustineko finalari begira, bi saio egin dituzte Codesyntaxekoek etzikoa prestatzen joateko eta "esperimentu" moduan. Lehendabizikoa Eibarko Eskola Laboralean eta bigarrena, joan den asteburuan, Durangoko Azokan, 20-25 laguneko talde batekin. "Orain arte ondo" funtzionatu du, Azpillagaren esanetan, Azpeitirako prestatu duten sistemak.

Gertukoen lehiaren xarma

Astero, Egunean Behinen jokatu duten milaka jokalariren sailkapen nagusian puntu gehien pilatzen duenak saria jasotzen du, eta beste sari bat ere ematen dute jokoaren arduradunek, parte hartzaile guztien artean zozketa eginda. Astez aste sailkapen nagusian aurreneko postuetan ibili direnak izango dira, hain zuzen ere, zapatuan Azpeitian lehiatuko direnetako asko.

Baina, Azpillagak esan bezala, taldeak dira Egunean Behinen arrakastaren gakoetako bat. Hasieratik eman zuten sailkapen nagusiaren lehia orokorretik kanpo barne lehiaketa antzekoak sortzeko parada ematen duten taldeak eratzeko aukera; eta lagun kuadrillek, familiek edota lantokiek ederki baliatu dute aukera hori: 14.500 talde badira, gutxienez, martxan. Horietako bat da Errezilgo Domusa kooperatiban Euskararen Egunaren harira sortu zutena. "Beste urteetan ginkanak-eta egin izan ditugu, galderak geuk prestatuta", dio Ander Alkortak. Domusako Euskara Batzordeko kidea da bera, eta aurten Egunean Behinen aldeko apustua zergatik egin duten azaldu du: "Zerbait interaktiboagoa eta unean unekoa, geuk prestatzen ibili beharrik gabe eta geuri ere, batzordekooi, parte hartzeko aukera emango ziguna... aukera horiek guztiak eskaintzen zizkigun Egunean Behinek". Kooperatibako 43 langile batu ziren taldera; gehienek zuten ordurako aplikazioa beren sakelakoetan, Alkortak berak kasu. Lankideak gustura sumatu dituzte Euskara Batzordekoek; batzuek zoriondu ere egin dituzte batzordekideak, "asmatu" egin dutelako Egunean Behin aukeratuta. "Oso entretenigarria" izan dela dio Alkortak: "Kafe garaian-eta ematen zuen zeresana, bai, sortu du halako saltsa bat".

Urola Kostan bertan saltsa handiagoetan murgilduta dabilenik ere bada. Baleikek Zumaiako taldea sortu zuen azaroan; joan den astean, 479 jokalari izan zituen talde horrek. Domusakoak bezala, eta jokoaren bueltan sortutako beste hainbat talde publikok bezala, sari propioak banatzen ditu Baleikeren Egunean Behineko taldeak, astero. Sari propiorik gabe, baina Maxixatzenek ere badu taldea, jokoan aritzen diren azkoitiarrak batzea xede: 116 partaide ditu egun.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide