Ibrahima Balde duela urtebete iritsi zen Euskal Herrira, Irunera (Gipuzkoa), hain zuzen. Halabeharrez iritsi ere: Afrikatik Europara itsasoa zeharkatu ondoren Andaluzian hartu arazi zioten autobusaren helmuga izan zen Irun. Hango Harrera Sareak hartu zuen Balde, eta orduan ezagutu zuen harrezkero bidelagun izan duen Amets Arzallus. Balderen bizitza eta bizipenak oinarri hartuta, bien artean ondu dute Miñan liburua, eta liburua eta atzean duen historia hizpide hartuta solasean ariko da Arzallus bihar zortzi, abenduaren 18an, Azpeitian.
Oihana Elduaien kazetariak gidatuko du Elkar-ekinek antolatu duen solasaldia. Sanagustin kulturgunean izango da, 19:00etan hasita.