Xuban Oiarzabal Matxin III.ak eta Iban Larrañagak Binakako Erremonte Txapelketaren finalerdietara sailkatzea lortu dute asteburuan. Larrañaga erremontista azkoitiarrak garaipena lortu zuen ligaxkako azken jardunaldian Javier Urrizarekin batera, eta finalerdietarako txartela lortzeko behar zituen zortzi puntu lortu zituen. Horiek 40 eta 34 nagusitu ziren Ansa II.a eta Ionen aurka, eta guztira, hogei puntu batu ditu sailkapen orokorrean azkoitiarrak.
Matxin III.ak eta Endikak, aldiz, 40 eta 18 galdu zuten Juanenearen eta Barrenetxea IV.aren aurkako lehia. Sailkepen orokorrean, hogei punturekin berdinduta gelditu dira aurrelari azpeitiarra eta Juanenea, baina Matxin III.ak egindako tanto gehiago zituen alde. Ondorioz, azpeitiarrak lortu du berdinketa hautsi eta finalerdietara sailkatzea. Ion Etxeberria atzelari azpeitiarrak, berriz, ez du lortu finalerdietara sailkatzerik. Hamabost puntu batu ditu sailkapen orokorrean Ansa II.arekin batera, eta txapelketatik kanpo gelditu da.
Bikote aldaketa finalerdietan
Guztira, sei erremontista sailkatu dira finalerdietara. Puntu gehien batu dituen aurrelaria puntu gutxien batu dituen atzelariarekin arituko da txapelketa amaitu bitartean, eta puntu gutxien batutako aurrelaria puntu gehien egin dituen atzelariarekin; bigarren aurrelaria eta atzelaria, berriz, elkarrekin arituko dira. Uterga eta Larrañaga, Urriza eta Barrenetxea IV.a eta Matxin III.a eta Azpiroz dira bikote berriak.
Datorren ostegunean, abenduak 12, hasiko dira Binakako Erremonte Txapelketako finalerdiak, eta Utergak eta Larrañagak Urriza eta Barrenetxea IV.a izango dituzte aurkari. Irabazleek, berriz, Matxin III.aren eta Azpirozen aurka jokatu beharko dute, abenduaren 14an. Finala abenduaren 28an jokatuko dute. Partida guztiak Hernaniko Galarreta pilotalekuan izango dira.