Espainiako Konstituzioaren Egunari planto egin diote Azpeitian eta Zarautzen

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 6a

Espainiako Konstituzioaren Eguna "jaiegun arrotza" dela iritzita, hainbat ekintza egin dituzte Azpeitian eta Zarautzen.

Azpeitian, Herri Eskolak egin dituzte goizean zehar Ikasberri ikastolan, Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak sustatuta. 25 bat lagun elkartu dira bertan, eta formakuntzarako tartea hartzeko aprobetxatu dute goiza, 11:00etan hasita. Bertan, autodefentsa sareen garrantziaz hausnartu dute, solasaldi-tailer formatuan. Heziguneetan identifikatzen dituzten arazoak mahaigaineratu, eta horiei erantzuteko elkarrekin antolatzeak duen garrantziaz egin dute gogoeta. Era berean, hizpide izan dituzte azken urte honetan autodefentsa sareek aurrera eraman dituzten borrokak eta lortutako helburuak.

Zarautzen, aldiz, Danda gazte asanbladak eta Alde Hemendik taldeak antolatu dituzte gaurko ekintzak. Etxebizitza Sindikatuaren hitzaldiarekin hasi dute eguna. Ondoren,  Insurgentzia dokumentala ikusi dute eta gero faxismoaren kontrako elkarretaratzea egin dute Lege Zaharraren plazan. Bazkariarekin borobildu dute eguna. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide