Artea denen eskura Zelai Luzen

Mailo Oiarzabal 2019ko abenduaren 6a

Hamar artistaren lanak ikusteko, ezagutzeko eta erosteko aukera izango da bihartik hilaren 22ra Marcial Ucin enpresaren bulegoak zeuden eraikinean, Azpeitiko lehen arte azokan.

Aitor Etxeberria, Barbara Stammel, Keixeta, Olatz Aguado, Urssy Baterna Art Grupa, Gorka Larrañaga, Iban Izagirre, Udane Juaristi, Jon Andoni Martin eta Cesar Ragel. Artista guzti horien lanak gune bakarrean elkartu dituzte, Azpeitian, bihar ateak irekiko dituen arte azokarako. Margoak, argazkiak, ilustrazioak, eskulturak, objektuak... Sortzaile bakoitzak bere lanaren emaitzak erakusgai eta salgai jarriko ditu Zelai Luze co-working gunean, urte luzez Marcial Ucin enpresaren bulegoak egon ziren eraikinean. Gabon aurreko hiru asteburuetan egongo da zabalik arte azoka, abenduaren 7an, 8an, 14an, 15ean, 21ean eta 22an, 12:00etatiik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Hala ere, bihar, irekiera egunean, arratsaldeko ordutegia soilik izango du. 18:00etan inauguratuko dute arte azoka, zuzeneko musikarekin eta zerbait hartzeko aukerarekin.

Olatz Aguado (Azpeitia, 1972) eta Gorka Larrañaga (Azkoitia, 1974) dira Azpeitiko lehen arte azokan parte hartuko duten artistetako bi, eta egitasmo berri eta berritzailea martxan jarri zuten bi lagunak ere bai. "Ia kasualitatez" abiatutako proiektua dela dio Larrañagak. ZuriHartz galeriako collage tailer batean ezagutu zuten elkar Larrañagak eta Aguadok, eta hor sortu zen arte azokaren "hazia": "Olatzek berak galerian erakusketa jartzearen proposamena iritsi zen aurrena, eta horren harira azoka bat egitearena. Ni Mexikotik etorri berri naiz eta han era honetako azoka asko egiten nituen neure galerian. Gabon aurreko bazar bat egiteaz hasi ginen hizketan; artisautzakoak-eta egitea nahikoa hedatuta dagoela genion, baina ez arte azokak egitea".

Azokaren ideia buruan, horretarako aproposa izan zitekeen tokia aurkitu zuen Aguadok Zelai Luzen. "Felix Etxabe laguna dut, eta banekien espazio hori zegoela Zelai Luzen. Gorkari erakutsi nion, eta osagai guztiak eltze batera botatzen hasten zarenean bezala, forma hartzen hasi zen proiektua".

Erraz eta ezezkorik gabe
Azoka antolatzearen prozesua "gozamen hutsa" izan dela dio Aguadok. Pozik eta eskertuta daude alde guztietatik jaso duten harrerarekin. Batean eta bestean jo dituzte ateak: Zelai Luze gunekoak, Azkoitiko eta Azpeitiko udalenak, hedabideetakoak... eta "ezezko bakar bat ere ez" dutela jaso nabarmendu du azpeitiarrak. "Artiston ekimenez sortutako zerbait" izateak izan du zerikusia horretan, Larrañagaren aburuz.

Aisialdi tabernako ateak ere jo dituzte. Azokan parte hartuko duten artista guztien lanak ikusteko aukera izango da han ere egunotan. Azkoitiarraren hitzetan, "aperitibo moduko bat izango da, jendeak Zelai Luzen aurkituko duenaren erakusgarria". Aguadok Zelai Luzetik gertu, Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan jarri duen erakusketa izango da artearen triangeluaren hirugarren erpina.

Bataren zein bestearen ezagunengana eta lagunengana joz osatu dute arte azokarako artisten zerrenda Larrañagak eta Aguadok, eta horien prestutasuna ere goraipatu dute. Bada guztiak lotzen dituen zerbait: artista profesionalak dira. "Saiatu gara maila bat mantentzen. Horrekin esan nahi dut artean modu profesionalean lan egiten dutenak direla, erakusketak-eta maiztasunez egiten dituztenak, ibilbide bat egina dutenak: Etxeberria, Keixeta, Stammel... Badaude hain ibilbide luzea ez daukaten artistak ere, baina artera eta sorkuntzara dedikatzen direnak; Izagirre azpeitiarra, adibidez", azaldu du Larrañagak.

Azoka artearen profesionalekin osatzea "inor gutxietsi gabe" hartutako erabakia izan dela nabarmendu du Aguadok: "Hemen horrelako gauza bat egiten den lehen aldia da, eta lehen aldia izanda, iruditzen zait oihartzun bat sortu behar duela, arrastoa utzi behar duela. Hori asko zaintzen ahalegintzen ari gara: artista multzoa osatzerakoan, azoka muntatzerakoan... Ahalegina hor dago".

Artea, beste aukera bat
Ahalegin horren eta azoka prestatzerakoan aurkitu dituzten erraztasunen emaitza bihartik aurrera ezagutuko dituzte. "Orain, falta zaiguna da jendea etortzea!", laburtu du artisten desioa Aguadok.

"Irisgarri, ulergarri, eramangarri, eskuragarri" jarri nahi dute artea Zelai Luzeko azokan; eta "oso prezio onetan", Larrañagaren esanetan. "Jendeak beldurra galtzea da helburua", dio azkoitiarrak. Artelanak, artisten lanak, kontsumo gai ere badirela erakutsi nahi dute, besteak beste. "Musika edo liburuak oparitzen ditugun bezala, zergatik ez koadro bat edo beste artelan bat? Jendeak aukera hori barneratzea nahi dugu", dio Aguadok, erosketak edo opariak egiterakoan jendeak bertako sortzaileen lanak "kontuan har ditzala" eskatuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide