Joseba Tapia: "Lastima dena da euskal musikarentzat gero eta leku gutxiago izatea"

Julene Frantzesena 2019ko abenduaren 5a

Joseba Tapiak (Lasarte-Oria, 1964) kaleratu berri duen Tranpaldo diskoa aurkeztuko du igandean Soreasu antzokian. 18:30ean hasiko den kontzertua ETBk grabatuko du. Barkako zortzigarren lanean bildu dituen abestiak entzun ahal izango dira emanaldian. Kontzertua baino lehen, triki-poteoa egingo du Tapiak herritarrekin batera; 16:30erako jarri du hitzordua Sanagustin kulturgunean. Diskoa grabatzeko baliatu zituzten kontzertuetan bezalatsu, Azpeitian ere giro "ederra" sortzea espero du musikariak.

Bi urteko lanaren ostean grabatu duzun diskoa aurkeztuko duzu igandean Soreasun. Nolatan aukeratu duzu Azpeitia estreinako kontzertua eskaintzeko?

Batetik, tokia egokia delako; lehen ere hainbat jaialdi eginak gara Soreasun, Trikixa Elkartearekin. Bestetik, Urolak bi esanahi dituelako niretzat: horietako bat da trikitixaren bailara eta nire publikoaren habia dela; eta bestea, Errobik Azpeitian grabatu zuela zuzeneko disko bat, eta nik hura oso umetan ezagutu nuen. Azpeitiak bazituen bertan grabatzeko aldeko puntu batzuk.

Nola prestatu duzue igandeko emanaldia?

Bakarkako ibilbidea hasi nuela hogei urte pasatu dira, eta kaleratu dudan zortzigarren diskoa da Tranpaldo. Hori dela eta, festa bat antolatu dugu. Hamar musikarirekin osatu dut proiektua; ni trikitixarekin ariko naiz, baina tronpeta, saxofoia, tronboia, ahotsak, organoa, baxua eta bateria ere ariko dira. Emankizun indartsua izango da. Diskoan gonbidatu berezi bat bada, eta Azpeitian ere izango da gonbidatu berezi bat.

Hamar lagun izango zarete agertokian. Sekula egin al zenuen hainbeste lagunekin lan?

Ta tira ta tunba diskoan. Bi banda osatu nituen, bat karlistekin eta bestea liberalekin, eta pare bat kontzertutan denok batera jo genuen. Jende pila bat elkartu ginen orduan. Oraingoa, estilo aldetik askoz ere desberdinagoa dela esango nuke. Gaur egungoagoa da soinua, eta trikitixaren eta rockaren fusio edo festa askoz ere nabarmenagoa da. Uste dut gaur egun oso-oso hedatuta dagoen formatua dela sortu duguna.

Zegatik Tranpaldo?

Tranpaldo izena jarri diogu diskoari, tranpaldoa agertokia esan nahi baitu. Zuzeneko lana denez, keinu egin nahi izan diogu eszenatokiari. Horrez gain, tranpaz betea dago mundu hau, eta dena tranpa denez, guk ere tranpa ekarri nahi izan dugu diskora. Dena den, zuzenekoa izanik tranpa gutxi du lanak.

Zer jaso duzue diskoan?

Batez ere, moldaketen aldeko apustua egin dugu. Musika herrikoiaren erreflexio bat da lana; izan ere, badirudi musika herrikoia arinkerien ingurukoa izaten dela. Latino musikan, adibidez, askotan arinkeriak esaten dituzte, emakumeen aurkako letrak egiten dituzte, eta gero eta gehiago ari dira horiek zabaltzen. Gu musika herrikoiaren izen izanik, erabaki genuen musika herrikoia, festa girokoa, antolatzea letra duinekin. Nire hogei urteotako ibilbideko abestien hautaketa egin dut: Tapia eta Leturia garaiko batzuk eta bakarkako ibilbideko beste batzuk. Hala ere, apustu handiena izan da metalezko instrumentuentzat eta ahotsentzat arregloak egitea.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Uztarria.eus webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide