Saneloiak ospatzen ari dira Azpeitiko Landetan

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 30a

San Eloi festetan murgilduta dabiltza egunotan Azpeitiko Landetan. Ostegunean mus txapelketarekin hasi zituzten jaiak, atzo txerri boda ospatu zuten, eta gaur, San Eloiz bezpera, egun osorako prestatutako egitaraua aletzen ari dira. BTT irteeran parte hartu duten txirrindulariak izan dira goiztiarrenak. Kirolarekin jarraituta, azkenean kiroldegian egin dute Kodaore judo klubeko ikasle gazteen erakustaldia; dozenaka judolari elkartu dira bertan, baita haiek txalotzeko ikusle mordoa ere. Euri arriskuak bultzatu ditu judokoak kiroldegian babestera. Eta euriaren beldurrez ala ez, baina ez da jende asko elkartu eguerdi partean egin duten azokan eta ganadu erakustaldian.

Arratsaldean, lasterketetako autoen eta motoen erakusketa jarriko dute Landetan, eta triki-poteoarekin girotuko dute zapatu iluntzea.

Bihar, San Eloi eguna, zaindariaren egunarekin agurtuko dituzte aurtengo jaiak. Abenduaren 1ean urtero ohi dutenez, auzotarren bazkaria egingo dute landetarrek, aurten Landeta jatetxean. Aurretik, saneloietako igandean aspaldiko urteetan hutsik egiten ez duten zezen txikiak eta poniak eta herri kirol erakustaldia izango dituzte. Hau da biharko egitaraua:

12:00. Zezen txikiak eta poniak.

13:00. Herri kirol erakustaldia.

Ondoren, zozketa.

14:30. Auzo bazkaria Landeta jatetxean.

Arratsaldean, triki poteoa.

Hona hemen, gaur goizeko judo erakustaldiaren eta azokaren argazkiak:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide