Ekonomia sozial eraldatzailearen inguruan, ekintzailetza sozial eta kooperatiboa bultzatzeko, formazio saioak antolatu dituzte Azpeitiko Udalak eta Olatukoop-ek Azpeitian, Basazabalen. Denera, hamar saioko formazio ikastaroa izango da, eta aurreneko biak abenduaren 10ean eta 17an izango dira. Urtarriletik aurrera, berriz, saioak hamabostean behin egingo dituzte. Saioak astearteetan 15:00etatik 18:00etara bitartean izatea aurreikusten dute, baina interesatuen arabera ordutegia egokitzeko aukera dagoela adierazi dute antolatzaileek.
Formaziorako izena abenduaren 5era bitartean eman daiteke Azpeitiko Basazabal formazio zentroan: formazioabasazabal@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzita edo 943-54 79 83 telefonora deituta. Ikastaroaren prezioa 21,6 eurokoa izango da Azpeitian erroldatuta daudenentzat eta 26 eurokoa gainontzekoentzat.
Leire Goenaga Azpeitiko Udaleko Hezkuntza zinegotziak adierazi du udalak ekonomiaren sustapena duela helburu, eta horretarako bideetako bat formazioa dela. Olatukoop ekonomia sozial eraldatzailea sustatzeko sarearekin erakundeak antolatutako ikastaroaren bidez, formazioaz gainera ekintzailetza bultzatu nahi du: “Ekonomia sozial eta kooperatiboaren, kolektiboaren eta komunitarioaren garapenari bultzada bat eman nahi diogu saio hauekin. Guretzat ezinbestekoa da formazioaren bidez herritarrentzako lan aukerak sortzeko bideak zabaltzea. Beraz, ekonomia sozialeko proiektuak erronka berriei aurre egiteko gakoa izan daitezkeela uste dugu”.
"Lanaren burujabetza eta herritarren beharrak" oinarri dituzten proiektuak sustatzen ditu Olatukoop-ek, herriz herri. Leire Udabe Lakari Kooperatibako eta Olatukoopeko kidearen arabera proiektuak abiatu aurretik trebatzea eta formazioa jasotzea garrantzitsua da: "Funtsezkoa da proiektu eraldatzaileak sustatu nahi dituzten pertsonak eta kolektiboak formatzea ekintzailetza sozialean aritzeko behar diren hainbat konpetentziatan: proiektuaren bideragarritasuna, bizigarritasuna, lantaldeak osatzea, tokiko garapena eta harremanak, beharren diagnostikoan, genero eta jatorri aniztasuna lantzeko ikuspegian, eta orokorrean proiektuaren ikuspegi eraldatzaile eta lurraldetuan".
Antolatu duten formazio saio sorta bi perfiletako jendearentzat izan daiteke egokia: "Alde batetik, ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzeko ideia edo proiekturen bat dutenentzako. Eta bestetik, ekonomia sozialeko jarduerak ezagutu nahi dituztenentzat”.
Honako gaiak jorratuko dituzte formazio saioetan:
1. Zer da Ekonomia Sozial Eraldatzailea? Marko teorikoa, beharren diagnostikoa (ariketa) eta jardunbide onak.
2. Tokiko garapen eraldatzailea: datuetatik hasi eta elkarlan publiko-kooperatibo-komunitarioaren garapen praktikora.
3. Kooperatibismoa. Estatutu ereduak.Kooperatibismoa udalgintzatik sustatzeko bideak.
4. Bizigarritasuna eta bideragarritasuna ekimen kooperatibo eta komunitarioetan. Prozesu integrala eta neurketarako adierazle sistemak.
5. Ikuspegi feminista eta zaintza erdigunean. Azpeitirako ekimen zehatzen lanketa.
6. Talde-kudeaketa eta antolaketarako tresnak.
7. Sare komunitatea, harremanak eta marketin komunitarioa.
8. Genero eta jatorri aniztasuna lurraldean eta proiektu eraldatzaileetan.
9. Azpeitiko erronkak ESE ikuspegia txertatuta.
10. Ekintza plana osatzeko eta formazioaren bateratze saioa.