Ikasi, sortu, egin eta zabaldu

Mailo Oiarzabal 2019ko azaroaren 28a

Kantu ikasketen harira hiru abesti konposatu, horiek grabatu eta sarean jarri ditu Deñe Garcia-Bravok (Urrestilla, 2003). Espero ez zuen oihartzuna lortu du bi hilabete eskaseko epean.

Googlen "Deñe Garcia-Bravo" idatzi, eta Youtubeko lotura bat eta Top Gaztearena dira aurreneko lekuetan agertzen direnak. Youtubekoan sartuta, 16 urteko gazteak irailaren 27an ireki zuen kanala dago, eta hiru abesti besterik ez bertan: Azken agurra, Bidean aurrera eta Vuelves. Atzo bi hilabete igotako hiru kantu, eta milaka ikustaldi-entzunaldi hirurenak batuta.

Ez zuen halako harrerarik eta oihartzunik espero musikari hasiberriak. "Espero nuena baino jende gehiagok entzun ditu kantuak. ‘Mila pertsonak entzuten badute, ondo’, pentsatzen nuen neure artean, eta Azken agurrak jada 2.800dik gora ikustaldi ditu [hori, duela astebete; atzo, 2.900dik gora zituen]. Kantuak sarera igotzen ditudan lehen aldia izateko, uste dut jende askok entzun dituela", dio. Etxekoek entzunda zituzten Garcia-Bravoren lehen abestiak; Interneten jarrita, lagunek eta ezagunek entzutea zen bere asmoa, eta haiei gustatzen al zitzaizkien jakitea. Lagunek entzun dituzte kantuak, noski, eta horiek zabaltzen "asko lagundu" ere bai: "Pentsatzen nuen lagunek eta kaletik ezagutzen dudan jendeak entzungo zituztela nire abestiak, baina gero... Lagun baten ahizpak entzun dituela, ahizpa horrek unibertsitateko ez dakit nori erakutsi dizkiola, unibertsitateko horrek Instagramera igo dituela... Ez nuen horrelakorik espero. Herrikoek adituko zituztela espero nuen, eta haiek zer harrera egiten zidaten jakingo nuela. Gerora jakin dut ez dakit noraino iritsi direla nire kantuak, eta harrituta nago".

Rafa Ruedarekin

Piano ikaslea da Garcia-Bravo "txiki-txikitatik", Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolan. Duela urte batzuk, kantu ikasketak ere probatzea erabaki zuen, eta horien hariari tiraka iritsi da bere abestiak konposatzera. "Kantuan nirekin ibiltzen zen lagun bat izan zen abestiak egiten eta melodiak ateratzen hasi zena, eta hura ikusita animatu nintzen ni ere probatzera", kontatu du. Azken agurra izan zen konposatu zuen aurrena. "Hori izan zen zailena, lehendabiziko kantua ateratzea", dio, eta jarraitu zuen prozesua azaldu du: "Lehendabizi hitzak idatzi nituen, gero akorde batzuk eta musika, eta horiek pianoarekin gehiago landuz atera zitzaidan kantua".

Prozedura bera jarraituta sortu zituen beste biak, eta ia konturatzerako, Rafa Ruedaren Mungiako (Bizkaia) estudioan grabatzeko aukera etorri zitzaion. "Amaren lehengusu baten bidez iritsi nintzen Rafa Ruedarengana. Hark entzun zituen nire abestiak eta Ruedari erakutsi zizkion. Nahi nuenean gustura hartuko ninduela estudioan", esan zion. Esan, eta egin. Abuztuaren 24an joan zen musikari gaztea Mungiara, eta "pixka bat urduri" egon arren, "nahiko azkar" eta uste baino errazago burutu zuten grabazioa.

Gehiago, bidean

Ahots goxoa bezain indartsua du urrestildarrak. "Pop musika esango nuke, melodikoa", dio, bere musika nolakoa den azaltzeko eskatuta. Entzutea gustatzen zaion musika ere ildo berekoa da: Ken Zazpi eta Izaro aipatu ditu euskaldunen artean; eta Birdy eta Lewis Capaldi, berriz, "gehiago" entzuten dituen ingelesezko abeslarien artean.

Batxilergoko lehen ikasturtean murgilduta, zientzien adarrean ikasten ari den arren, musikarekin lotura dutenak dira "gehien erakartzen" duten ikasketak. Musika "albo batera ez" uztea erabakita du, behintzat. Beste kantu bat "ia osatuta" dauka, eta bosgarrena ere bidean du. "Kontzertu bat ematera iristea gustatuko litzaidake", dio, aho txikiarekin, ametsez galdetuta.

https://www.youtube.com/watch?v=Frs-kiVGbOU

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide