Hilabete baino gutxiago falta da Gabonetarako, eta azken urteetako ohiturari segituz, Azpeitiko Udalak nahiz Bertan merkatari elkarteak Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa antolatu dute. Dagoeneko zabaldu dute lehiaketaren VIII. edizioan izena emateko epea, eta parte hartu nahi dutenek aski dute Bertan elkartera deituta (943-02 56 73 edo 688 82 39 44), bertan.azpeitia@gmail.com helbidera mezua idatzita edo Azpeitiko Turismo Bulegoarekin harremanetan jarrita (turismobulegoa@azpeitia.eus edo 688 87 48 61). Izena emateko azken eguna abenduaren 9ra izango da, eta Azpeitiko merkatariek egun horretarako jarri beharko dute erakusleihoa Gabon giroan atonduta. Gainera, lehiaketan parte hartu nahi duten saltokietako kideek erakusleihoaren argazki bat bidali beharko dute abenduaren 9rako Bertanera edo Azpeitiko Turismo Bulegora.
Abenduaren 27ra arte izan beharko dute Azpeitiko merkatariek erakusleihoa ikusgai; izan ere, Azpeitiko Udalak eta Bertanek egun horretan banatuko dituzte aurtengo edizioaren sariak Sanagustin kulturgunean. Lau sari banatuko dituzte: irabazleak 600 euro jasoko ditu; bigarren sailkatuak 400 euro eta 200 euro hirugarrenak. Herritarren Saria ere izango da, eta iazko gisan parte hartu ahal izango dute herritarrek erakusleiho onenaren hautaketan. Lehiaketan parte hartuko duten erakusleiho guztien irudiak Facebooken eskegiko ditu Bertanek, eta Atsegin dut gehien eskuratzen dituen argazkiari dagokion saltokiak 200 euroko saria jasoko du. Gainera, botoa ematen duten herritarren artean ehun euroko erosketa bono bat zozkatuko dute lehiaketaren sustatzaileek.
Epaimahaiak kontuan hartuko duena
Epaimahaia Bertaneko kide batek, udaleko zinegotzi batek eta aditu batek osatuko dute, eta horiek arduratuko dira irabazleak hautatzeaz. Epaimahaikideek lehen sentipena, konposizioa, modernitatea, sormena, berrikuntza, originaltasuna produktu/zerbitzuen konposizioa edo integrazioa, argiztapena eta koloreen konbinazioa hartuko dituzte kontuan balorazioa egiterakoan. Kontuan har ditzaten, saltokiek parte hartzaile txartela jarri beharko dute erakusleihoan. Lehiaketaren bidez, merkatariak erakusleihoak atontzera animatzea eta herritarrak bertako merkataritza sustatzera bultzatu nahi dituzte Bertanek eta udalak.