Bihar banatuko dute Azpeitiko XXVII. Euskal Antzerki Topaketetako Ikuslegoaren Saria

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 22a

Bihar, larunbata, amaituko dira Azpeitiko XXXVII. Euskal Antzerki Topaketak 'Lapur minak' kale antzerkiarekin. Alde Zaharreko kaleetan egingo dute antzezlana, 20:00etan hasita. Antzezlan hori bukatutakoan, aurtengo topaketetako Ikuslegoaren Saria banatuko du Azpeitiko Udalak, Plaza Txikian.

Aurten antzerki topaketetako emanaldiak bukatu orduko banatuko du Ikuslegoaren Saria Azpeitiko Udalak. Azken urteetan Santo Tomas egunez banatu izan dute sari hori; topaketak bukatu eta ia hilabetera.

Bihar, larunbata, Azpeitiko XXVII. Euskal Antzerki Topaketen amaierako ikuskizun berezia izango da: Lapur minak kale antzerkia. Tornado konpainiakoek 20:00etan hasiko dute emanaldia, Alde Zaharrean. Ordubete inguruko obra da, eta hori bukatutakoan sarituko dute antzezlan irabazlea, Plaza Txikian.

Iazko antzerki topaketetan Xake produkzioaken Lur antzezlanak jaso zituen ikusleen boto kopuru gehiena. Erika Olaizola azpeitiarra da obrako aktoreetako bat.

Gaur antzerki alternatiboa, Azpeitiko Gaztetxean

Gaur, ostirala, topaketen barruan antzerki alternatiboaren txanda izango da. 20:00etatik 21:15era luntx bejetarianoa izango da Gaztetxean, eta 21:30etik aurrera Eraikitzen gaituzten hitzak lana plazaratuko dute herriko hainbat gaztek. Horman Poster antzerki konpainiak martxan jarritako egitasmoa da, eta bitartekaritza eta sorkuntza proiektu bat da; tokian tokiko gazte taldeekin garatzen eta eszenan jartzen den identitatearen inguruko dramaturgia bat, hain zuzen. Azpeitiko bost gaztetxo dira aktoreak: Leire Urrestilla, Jare Beitia, Enaitz Segurola, Salma Chafi eta Mattin Arakistain. Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra dira zuzendariak eta Xanti Agirrezabala zuzendari laguntzailea. Ikusentzunezko performancea, berriz, Jone Novok egin du. Azpeitiko gazteek hainbat saio egin dituzte azken egunetan Emakumeen Txokoan, eta saio horietan prestatu dute gaur eskainiko duten lana, hainbat ariketa ardatz hartuta. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide