'Eraikitzen gaituzten hitzak' antzezlana, Azpeitian estreinatzeko prest

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 21a

XXXVII. Euskal Antzerki Topaketen barruan emango dute bihar, Gaztetxean, 21:30ean. Horman Poster kolektiboak gidatutako sormen prozesuaren emaitza da eta herriko bost gaztetxo dira aktoreak.

https://youtu.be/YPm6Mj98B6A

XXXVII. Euskal Antzerki Topaketen barruan, Eraikitzen Gaituzten Hitzak antzezlana izango da ikusgai bihar, Azpeitiko Gaztetxean, 21:30ean hasita. Hitzordura joaten diren herritarrek ikusiko duten lana ez da antzerki obra arrunt bat izango, ordea. Horman Poster kolektiboak martxan jarritako egitasmo batetik datorren lana da, herriko talde batekin egindako sormen prozesu baten emaitza, hain zuzen ere. Azpeitiko bost gaztetxo dira aktoreak: Leire Urrestilla, Jare Beitia, Enaitz Segurola, Salma Chafi eta Mattin Arakistain. Bost azpeitarrek orduak eta orduak pasatu dituzte azken asteotan ostiralean aurkeztuko duten obra ontzen. Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra dira zuzendariak eta Xanti Agirrezabala zuzendari laguntzailea. Ikus-entzunezko performancea, berriz, Jone Novok egin du. Sormen prozesuaren inguruan solastu dira Kulturaz kooperatibak, Uztarria Komunikazio Taldeak eta UROLA KOSTAKO HITZAk elkarlanean egiten duten Mikrouhinak bideo sortarako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide