Uztarria aldizkariak 20 urte bete ditu hil honetan, eta urtemuga ospatzeko, erakusketa zabaldu du Uztarria Komunikazio Taldeak. Hain zuzen ere, urte guztiotan kaleratutako aldizkariaren 121 zenbakietan era batera edo bestera protagonista izan diren hogei herritarren argazkiak jarri dituzte Sanagustin kulturgunean.
Hainbat herritarren argazkiak ikusgai daude kulturguneko hormetan, hala nola kirol, politika, hezkuntza, kultura nahiz gizarte arloetan lan egiten eta lan egin duten lagunenak. Modu horretan, aldizkarian urteotan argitaratutako edukien errepaso bat egin nahi izan du Uztarriak, herritarrak protagonista bilakatuta.
Aldizkariak 20 urte bete dituenez, zuri-beltzeko hogei irudi jarri ditu Uztarriak erakusketan, eta protagonistak banaka nahiz taldean ageri dira. Argazkiak Xanti Rodriguez argazkilariak atera eta muntatu ditu.
Astelehenean ireki zuten erakusketa, eta abenduaren 2ra bitartean izango da Sanagustinen argazkiak ikusteko aukera.
Hogeigarren urtemuga behar bezala ospatzeko, erakusketaren inaugurazio ekitaldia egingo du Uztarriak ostiralean. Sanagustin kulturgunean izango da ekitalditxoa, 19:00etan hasita. Oihana Elduaien Uztarriako lehendakariak hartuko du hitza aurrena, eta ondoren, mokadutxoa egiteko aukera izango da. Gainera, urteurrena tarteko, Uztarria Komunikazio Taldeak produktu berri bat kaleratu du, eta hura banatuko du ekitaldira joaten diren herritarren artean.
Erakusketako protagonistak
- Kepa Susperregi erretorea.
- Xabi Lozano mutil transexuala.
- Imanol Arregi Iturbide pandero-jotzailea.
- Karmen Arozena, Mertxe Urrestilla, Maria Jesus Aranburu eta Gema Larrañaga andereñoak.
- Iñaki Elorza Txapas eta Txetxu Urbieta kirol esatariak.
- Rafael Rezabal Ekaingo kobaren aurkitzailea eta Maria Jesus Arregi Andoni Albizuriren alarguna.
- Iago Azkue eta Julen Revuelta magoak.
- Imanol Lazkano bertsolaria eta Laxaro Azkune gai-jartzaile ohia.
- Ainara Torvisco kickboxinglaria.
- Ioritz Igarataundi eta Aiora Etxeberria nekazariak.
- Mikel Labaka eta Eguzkiñe Peña futbolari ohiak.
- Maje Larrañaga Lagun Onak MBko presidente ohia eta Maier Lizaso ISBko lehendakaria.
- Ujala Mehreen adineko pertsonen zaintzailea.
- Ainara Garcia eta Juan Joxe agirre argazkilariak.
- Oihana Orbegozo pilotaria.
- Olatz Izagirre 26/11 sumarioko auziperatua, Mikel Azkune Egunkaria auzian epaitua eta Miren Odriozola Udalbiltza auzian epaitua.
- Miren Larrea Orkestrako kidea eta Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko lehendakaria.
- Josean Idoeta Atzegiko presidentea eta Ander Idoeta Atzegiko erabiltzailea.
- Jose Mari Bastida, Julian Eizmendi, Iñaki Errazkin, Eneko Etxeberria eta Nagore Alkorta 20 urteotako Azpeitiko alkateak.
- Erika Olaizola eta Gurutze