Azpeitiko apustu etxearen aurkako elkarretaratze zaratatsua babestu dute herriko talde eta norbanako ugarik

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 15a

Elkar-ekinek antolatuta, azaroaren 22an, ostiralez, elkarretaratze zaratatsua egingo dute Azpeitiko apustu etxearen aurrean. Herriko hainbat eragilek babestu dute protesta. Iazko azaroan ireki zuten Azpeitiko apustu etxea, eta urtemugaren harira antolatu dute elkarretaratzea.

Urtebete pasatu da Azpeitiko apustu etxeak ateak ireki zituenetik, eta urtemuga horren harira Elkar-ekinek ekimen berezi bat prestatu du azaroaren 22rako. Hain zuzen, egun horretan apustu etxearen aurrean elkarretaratze zaratatsua egingo du Elkar-ekinek, eta herritarrei dei egin die zarata ateratzeko txistuekin eta tresnekin bertara daitezen.

Apustu etxearen aurkako elkarretaratzearekin bat eginez, Azpeitiko hainbat taldek eta norbanakok argazkia atera zuten atzo, osteguna, arratsaldean Azoka Plazan. Besteak beste, ELA, LAB, EH Bildu, Gaztetxea, Ernai, Basanderiek, XJ Auzolanean, Urrestillako Festa Batzordea, Marea Arroxa, Ikasberri Kirol Elkartea, Krisiaren Seme-Alabak, Orkatz Kultur Elkartea eta Erniarraitz bertsozale elkarteko kideak agertu ziren argazkia ateratzera. Horiez gain, argazkira animatu ziren azken urtean apustu etxearen kontra egindako ekimen ezberdinetan parte hartu duten kuadrillak eta norbanakoak.

Azaroaren 22ko protesta 19:00etan izango da, Balentina Agirre plazan dagoen apustu etxearen aurrean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide