Euskal Antzerkiaren Lekua egun osoko topaketa egingo dute azaroaren 21ean, Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 14a

Euskal Herriko hainbat eragileren lankidetzari esker, egitasmo berri bat sortu eta abiatu dute: Euskal Antzerkiaren Lekua. Azaroaren 21ean, ostegunean, Azpeitiak hartuko du egun osoko egitasmo hori. Euskarazko antzerkigintzako eragile orori zuzendutakoa da, eta parte hartzea doakoa da. Hala ere, azaroaren 19rako izena eman behar da parte hartzeko.

Euskal Herriko hainbat eragileren lankidetzari esker, egitasmo berri bat sortu eta abiatu dute: Euskal Antzerkiaren Lekua. "Euskarazko antzerkigintzaren topalekua, arnasgunea, babestokia, itsasargia izan nahi duen hitzordua da Euskal Antzerkiaren Lekua. Izan ere, euskarazko antzerkiak behar du bere leku berri bat gure lurralde zahar honetan, merezi du leku duinago bat gure kultur paisaian, eman behar zaio leku bereziago bat gure agendan, erabakietan, sormenean, hezkuntzan, maitasunean eta politikan... gure bizitzan", adierazi dute egitasmoaren sortzaileek.  Azaroaren 21ean, ostegunean, Azpeitiak hartuko du egitasmo hori, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen egitarauaren barruan: "Zein leku hoberik Azpeitia baino guzti horri tokia emateko. Ia 40 urtez Euskal Antzerki Topaketak euskara hutsean antolatzen, azken urteetan euskarazko antzerkigintzaren dinamika hauspotzen eta antzerki sormenari bere abaroa eskaintzen dion herria. Azpeitia da euskal antzerkiaren lekua". Datorren osteguneko jardunaldi horretan parte hartzea doan da, baina azaroaren 19rako izena eman beharko da.

Azaroaren 21ean, Azpeitian, euskarazko antzerkigintzan diharduten hainbat aritu eta aditu bilduko dira, eta egun osoko egitarau bat izango dute. Euskarazko antzerkigintzako agente desberdinek osatzen duten "balio kate guztia agerian jarri" nahi dute Euskal Antzerkiaren Lekuan. "Elkarrekin ditugun erronkez hitz egin, gabeziez hausnartu, lorpenak partekatu, ezagutzak batu eta lankidetza sareak osatu nahi ditugu guztiok batera bide berri bat marrazten hasteko. Ezagutzeko, gozatzeko, pentsatzeko, eta batik bat, eraikitzeko koordenadak adostera goaz", azaldu dute Euskal Antzerkiaren Lekuaren antolatzaileek. Egun horretarako Azpeitian prestatu duten jardunaldietara gonbidatu dituzte euskarazko antzerkigintzan diharduten antzezle, zuzendari, programatzaile, gidoilari, konpainia, banatzaile eta bestelako eragile guztiak. Parte hartzea doakoa da, baina azaroaren 19a baino lehen izena eman beharko da honako loturan.

Euskal Antzerkiaren Lekuan hainbat bidelagun dela nabarmendu dute: "Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea, Euskal Kultur Erakundea, Euskadiko Antzoki Sarea, Nafarroako Antzoki Sarea, Azpeitiko Udala eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatiba elkartu gara indar metaketa berri honetan. Ez gara gutxi eta gehiago izan nahi dugu, euskarazko antzerkigintzari bere lekua emateko".

Euskal Antzerkiaren Lekua, Azpeitian
Azaroak 21, osteguna

Sanagustin kulturgunean

  • 09:30. Harrera eta aurkezpena
  • 10:00. Hitzartzea eta eztabaida saioa. Ximun Fuchs: Euskarazko antzerkigintzaren pausoak, ibilerak eta errenak.
  • 11:15. Kafea.
  • 11:45. Hitzartzea eta eztabaida saioa. Eneritz Artetxe: Emakumeen presentzia eta genero ikuspegia euskarazko antzerki sorkuntzan.
  • 13:00. Zubi deialdi berriaren aurkezpena.
  • 14:00. Bazkaria.

Dinamoa sormen gunean

  • 16:00. Kafea eta letrak. Garazin Antzerki eta Ganbila proiektuen inguruan.
  • 17:00. Praktika egokien aurkezpena eta mahai ingurua: Euskarazko antzerki sorkuntza bultzatzeko bide berriak. Gonbidatuak: Eztena, Zubi, Baratza eta Kulturaz Kooperatiba. Moderatzailea: EHAZE.
  • 20:00. Esti Curielen 35 huts antzezlanaren estreinaldia eta mokadua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide