Inklusioaren anai-arrebak

Ihintza Elustondo 2019ko aza. 15a, 08:30

Naroa eta Lander Uria anai-arrebek lehen aldiz elkarrekin lasterketa bat egingo bihar: Azpeitiko Kros Mistoa. Pozik daude probaren filosofia aldatu dutelako.

Nabaritu egiten zaie. Nola laguntzen dioten elkarri, nola diren hobeak bata bestearen ondoan. Anai-arrebak dira Lander (Azpeitia, 2001) eta Naroa Uria (Azpeitia, 1996), eta haserretzen ote diren galdetuta, ez dira gogoratzen inoiz liskarrik izan dutenik. Etxe gutxitan esan ahal izango dute gauza bera. "Ondo moldatzen gara", dio Naroak. "Kristoren arreba da", Landerrek.

Gaurkoan pozik daude biak ala biak, ikusi besterik ez dago nola egiten duten irribarre. Izan ere, ez dute edonolako erronka begien aurrean: lehen aldiz, lasterketa batean elkarrekin parte hartuko dute; hain justu, Azpeitiko Kros Mistoa egingo dute bihar. "Oso gustura nago aurten parte hartu ahal izango dudalako. Orain arte ezin nuen, eta beti inbidiatan egoten nintzen", esan du Landerrek.

Kirola asko gustatzen zaio hari –igerian aritzen da, eta surfa ere egin izan du–, baina Downen sindromea du, eta ez ditu beste herritarrek dituzten erraztasun berak kirola praktikatzeko. Ondo daki hori haren arrebak: "Ni urtero atera izan naiz Kros Mistoan, eta Lander beti etorri izan da animatzera. Tarteka, nirekin amaitu izan du lasterketa, baina ezin izaten zuen osorik egin proba, luzeegia zelako berarentzat". Orain arte, 6,7 kilometroko lasterketa egin izan dute Azpeitian, baina aurten, erabat aldatu dute probaren filosofia. Herritar guztiek parte hartu ahal izateko, hiru ibilbide izango dira aukeran: 1,1 kilometrokoa, 3,3 kilometrokoa eta 6,7 kilometrokoa. Motzena egitera animatu dira anai-arrebak, beraientzako nahikoa izango delakoan.

Goitik behera aldatu dituzte aurtengoan Azpeitiko Kros Mistoaren oinarriak. Azpeitiko Ikastola Ikasberrik hamargarren aldiz antolatu du lasterketa, baina aurten, lehen aldiz, herri hezitzailearen ideiarekin bat egin dute. Orain arte, misto hitzaren pean zera ulertzen zen: emakume batek eta gizon batek elkarrekin egin behar zutela korrika. Bada, aurrerantzean, genero ezberdinetakoez harago, askotariko bikoteek parte hartu ahal izango dute krosean: adin desberdindun bikoteek, adimen anitzeko bikoteek, ezaugarri fisiko desberdindun bikoteek eta abarrek. Gainera, lehiakortasunetik kooperaziora jauzi egiteko, kronometroa eta inskripzioa kendu eta sariak zozketa bidez banatuko dituzte.

"Aldaketa positiboa"

Aldaketa hori "oso positiboa" iruditzen zaie uriatarrei. "Krosaren filosofia aldatu zutela jakin nuenean, pila bat poztu nintzen. Pentsatu nuen lehen gauza zera izan zen: ‘Landerrekin aterako naiz’. Banekien baietz esago zidala", azaldu du Naroak. Landerrek "sekulako poza" hartu zuen arrebak proposamena egin zionean. "Ilusio handiarekin nago bihar Naroarekin korrika egingo dudalako. Asko gustatzen zait arrebarekin gauzak egitea".

Kros Mistoak hartu duen bide berria dela eta, "izugarri" poztu da Naroa. "Landerri eta aniztasun funtzionala duten beste askori asko gustatzen zaie kirola, baina sarritan ez dute aukerarik izaten inguruko ekitaldietan parte hartzeko. Horregatik, oso pozgarria iruditzen zait beraiei irteteko aukera ematea".

Behin aldaketa gauzatuta, urte askoan Kros Mistoa izaera horrekin mantentzea nahi luke Naroak: "Ea herrian indarra hartzen joaten den. Uste dut ideia polita dela, eta jendea sentsibilizatzeko balio dezakeela. Jendeak ikusiko du aniztasun funtzionala dutenek ere korrika egin dezaketela, kilometro bat bada ere. Oso positiboa deritzot inklusioaren aldeko halako probak antolatzeari. Garrantzitsua da aniztasun funtzionala dutenei herrian beste denekin batera parte hartzeko aukera ematea; izan ere, horrelako aukerak oso murritzak dira oraindik. Landerrek kirola egiten duenean, kirol egokitua egiten du, Izarraitz igeri elkartearekin. Gustatuko litzaioke beste hainbat kirol ere praktikatzea, baina ez dauka horretarako aukerarik. Beraz, zenbat eta aukera gehiago, hobe".

Helburu bat jarriz gero, prestatzea izaten da hurrengo lana. Eta anai-arrebak ari dira entrenatzen egun handirako. "Egun batean joan ginen korrika egitera, eta 500 metro egin genituen", azaldu du Naroak. "Eske pila bat nekatzen naiz", erantsi Landerrek. "Korrika edo erdi oinez edo, zerbait egingo dugu", esan du Naroak, barrez. Baikor dago Lander: "Aurten, agian, kilometro bat, hurrengoan hiru, hemendik bi urtera sei...".

Beren buruari zer helburu jarri dioten galdetuta, argi dio Naroak: "Espero dut proba bukatuko dugula, eta hortik aurrera, ondo pasatzea izango da asmo bakarra. Uste dut Landerrek pila bat gozatuko duela. Berarentzat lasterketa osoa egitea sekulakoa izango da". Landerrek momentua aprobetxatu nahi du, baina horrez gain, beste asmo txiki bat ere badu. "Bukaeran esprinta joko dut", esan du. Ama eta aita ere, agian, aterako omen dira krosean, eta jarri dio bere buruari erronka Landerrek: "Haiek baino azkarrago egin behar dut". Ea zer gertatzen den.

Uriatarrek ahalik eta herritar gehien animatzea nahi dute Kros Mistora, bai parte hartzera, bai ikustera. Espero dute egun polita izango dela biharkoa, eta inklusioaren aldeko urratsek hartuko dutela herria. Bide horretan, pausoak ematen jarraitzeko prest daude Naroa eta Lander, inklusioaren anai-arrebak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide