'Amores perros' filmarekin hasiko da bihar, Azpeitiko Gaztetxeko Gurutzatzen Diren Bizitzen zinema zikloa

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 13a

Gurutzatzen Diren Bizitzen zinema zikloa hasiko dute bihar, osteguna, Azpeitiko Gaztetxean. Azaroaren 28ra bitartean hiru film ikusteko aukera izango da.

Bihar, osteguna, hasiko da Azpeitiko Gaztetxeak antolatutako Gurutzatzen Diren Bizitzen zinema zikloa, Amores perros (2000) filmarekin. Emanaldia 21:05ean hasiko da, "ez lehenago eta ez beranduago", Gaztetxean. Azaroko hiru ostegunetan izango dira emanaldiak, ordu berean hasita.

Alejandro Gonzalez Iñarrituren lehenengo filma da Amores perros. Mexiko hirian izandako auto istripu batek Octavioren, Danielen eta Valeriaren bizitzak hankaz gora jarriko ditu. Patuak hiru pertsona horien bizitzak denboran eta espazioan gurutzatuko ditu, beraiek jabetu gabe.

Hiru filmek osatuko dute Gurutzen Diren Bizitzen zinema zikloa, eta biharkoa izango da aurrena. Bigarren filma, azaroaren 21ean, Smoke izango da eta hirugarrena, azaroaren 28an, Rashomon. Film horietako bakoitzak istorio ezberdinak ditu oinarri, baina badute antzekotasun bat: filmetako protagonisten bizitzak elkarrekin gurutzatuko dira. Hiru emanaldiak ordu berean hasiko dira, 21:05ean, Gaztetxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide