Iñaki Bastida (Azpeitia, 1991) kimikariak RESQ Epainiako Kimikako Errege Akademiaren eta Elsevier zientzia eta osasun alorreko informazioan espezializatutako enpresaren sari bat jaso berri du, Valentzian (Herrialde Katalanak) egindako Kimika Ikerlari Gazteen XVI. Sinposioan. Biozientzien Biogune zentroko ikerlariak hirugarren saria eskuratu du, Piridina aminen sintesi estereoselektiboa, datu base bidez lagundua ikerketa proiektuari esker.
Gustura al zaude jaso duzun sariarekin?
Bai, oso gustura. Poz handia sortzen du egindako lanak bere fruituak ematen dituela ikusteak.
Espero al zenuen saria irabazterik?
Egia esan, ez. Kimika arloan lanean ari diren Espainiako ikerlari gazteek zuten ikerlanak sariketara aurkezteko aukera. Horregatik, parte hartu duten lagun guztien artetik hirugarren saria eskuratzea sorpresa ederra izan da niretzat.
Zertan datza egin duzun Piridina aminen sintesi estereoselektiboa, datu base bidez lagundua ikerlanak?
Biologikoki interesgarria izan daitekeen molekula organiko mota jakin bat prestatzeko estrategia berri bat garatu dugu. Zientzialariok datu baseetatik eta aldizkari zientifikoetatik lortzen dugu ikerketarako informazio nagusia, eta sariketara aurkeztutako lanean guk laborategian egindako aurkikuntzak deskribatu eta horiek gauzatzeko datu baseak nola erabili ditugun azaldu dut.
Zer helbururekin egin duzu ikerketa?
Orain arte ez zegoen mota horretako konposatuak prestatzeko ia prozedurarik deskribatuta, eta zeuden gutxi horiek ez ziren oso eraginkorrak. Guk garatu dugun estrategiaren bidez, molekula organiko horiek askoz ere modu eraginkorragoan presta daitezke. Adibidez, farmazia industriak konposatu horiek prestatzeko behar duen denbora, kostu ekonomikoa eta hondakinak murriztu ditzake.
Halako sariak garrantzitsuak al dira ikerlari gazte batentzat?
Bai, oso garrantzitsuak dira. Alde batetik, egindako lanaren aitortza da sari hau, eta asko eskertzen dira horrelakoak. Izan ere, ikerketek lan eta buruhauste asko ematen dituzte, eta horrelako aitortzei esker ohartzen zara egindako lanak merezi izan duela. Bestetik, sari honek aukera eman dit Valentzian egin den Kimika Ikerlari Gazteen Kongresuan nire lana aurkezteko. Kimikaren arloan aritzen garen ikerlariok elkarren lanak ezagutzeko aukera izan dugu, baita besteengandik ikasteko ere.
Doktoretza tesia egina zara. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Kimika Organikoari buruzko doktore tesia EHUren Donostiako Kimika fakultatean egin nuen. Lau urtez aritu nintzen han lanean, eta San Diegoko (AEB) ikerketa zentro batean hiru hilabeteko egonaldia egiteko aukera ere izan nuen. Aurreko abenduan aurkeztu nuen biologikoki interesgarriak izan daitezkeen molekulak sintetizatzeko hainbat prozeduraren garapenean oinarritutako tesia. Hain zuzen ere, saritu duten ikerlana tesian garatu nuen proiektu bati buruzkoa da.
Egun, CIC Biogune ikerketa zentroan egiten duzu lan. Zertan, zehazki?
Inmunologia kimikoko laborategian egiten dut lan, doktore-ondoko ikertzaile gisa. Gure lanaren helburu nagusia da txerto berriak garatzea eta horiek gizakien gorputzean nola eragiten duten zehaztea. Esate baterako, gaur egun, minbiziaren eta hiesaren aurkako txertoak ikertzen ari gara.
Zu ikerlaria zara, baina, oro har, herritarrek zientzia urrun ikusten dutela iruditzen al zaizu?
Zoritxarrez, baietz esango nuke. Ez dugu zientzia herritarrengana hurbiltzen asmatu, eta horrek jendartean zientziarekiko interes falta sortu duela iruditzen zait. Kalean, esaterako, oso ohituta gaude kirolaz, politikaz edota herriko txutxu-mutxuez hitz egitera, baina, aldiz, zientziari buruzko elkarrizketa oso gutxi izaten ditugu. Gauza bera gertatzen da komunikabideekin edota sare sozialekin: zientziak oso presentzia txikia du horietan.
Dibulgazioan al dago gakoa?
Bai, dibulgazioa da herritarren eta zientziaren arteko zubiak eraikitzeko bidea, eta dibulgazioaren ardura nagusia zientzialariok dugu. Jendarteari egiten duguna modu ulergarrian azaltzeak esfortzu handia eskatzen du, baina hori da zientzia herritarrengana gerturatzeko bidea. Dibulgazioa da herritarrek zientziarekiko beldurra galtzeko eta horiek zientziari gustua hartzen hasteko modu bakarra.