Eskualdeko hiru erremontistak parte hartuko dute Binakako Erremonte Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 13a

Eskualdeko hiru erremontista lehiatuko dira 49. Binakako Erremonte Txapelketan. Xuban Oiarzabal 'Matxin III.a', Ion Etxeberria azpeitiarrek eta Iban Larrañaga azkoitiarrak parte hartuko dute berrikuntzekin datorren txapelketan. Bihar, osteguna, hasiko dira lehen faseko partidak, eta finala abenduaren 28an jokatuko dute.

Xuban Oiarzabal Matxin III.ak, Ion Etxeberriak eta Iban Larrañagak ordezkatuko dute Urola Kosta eskualdea aurtengo Binakako Erremonte Txapelketan. Bihar, osteguna, hasiko da txapelketa Hernaniko Galarretan. Lehenik, bost bikote ariko dira, iaz baino bat gutxiago: Uterga-Azpiroz —iazko txapeldunak—, Urriza-Larrañaga, Matxin III.a-Endika, Ansa II.a-Ion eta Juanenea-Barrenetxea IV.a. Aurtengo berrikuntzen artean azpimarratzekoa da puntuazio sistema. Orain arte egin bezala, partida bakoitzeko bikote irabazleak lau puntu jasoko ditu, eta galtzaileak, egindako tantoen araberakoak.

Aurten, ordea, banakako lana ere hartuko dute kontuan. Neurketa batean tanto gehien egiten duten aurrelariek eta atzelariek beste lau puntu jasoko dituzte, eta beste biek, bi. Hamar partidatan banaka eta binaka lortutako puntuak batuko dituzte, eta gehien dituzten hiru aurrelariak eta atzelariak sailkatuko dira finalerdietako ligaxkarako —iaz ez zen ligaxkarik izan—. Ligaxka abenduaren 12an, 14an eta 21ean jokatuko dute, eta bikoteak sailkapenaren arabera osatuko dituzte. Galarretan jokatuko dituzte partida guztiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide