Azpeitiko Lagun Onak mendizale taldeak Areso (466 m)-Guratz (956 m)-Peruarri (Leitza, 500 m) gaztetxoentzako egun osoko mendi irteera antolatu du datorren iganderako, azaroaren 17rako. Guztira, zortzi kilometro inguruko ibilbidea egingo dute oinez.
Autobusak, igandean, 08:30ean irtengo du Azpeitiko anbulatorioaren aurretik. Gero, goizean lau ordu inguruko mendi zeharkaldia egingo dute irteerako parte hartzaileek. Ondoren, 15:30etik aurrera, pare bat orduko bisitaldia egingo dute Iñaki Perurena harri-jasotzailearen Peruharri museoan.
Irteeran parte hartzeko izena osteguneko (azaroak 14) 21:00ak baino lehen eman behar da Lagun Onak mendizale taldearen webgunean.
Mendizale elkarteko bazkideek 4 euro ordaindu beharko dute irteeran parte hartzeko eta gainontzekoek 6 euro. Peruharrirako sarrera, berriz, helduek 4 euro ordaindu beharko dute eta gaztetxoek 3 euro.
2020rako mendiaren federatzeko garaia
2020. urterako mendian federatzeko garaia dela adierazi du Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak. Beraz, federatu txartelean aldaketaren bat egin nahi dutenek, azaroaren 18tik 29era bitartean, Azpeitiko Luba aholkularitzaren bulegotik pasatu beharko dute, mezu elektroniko bat bidali aseluba@gmail.com helbide elektronikora edota 943-15 75 25 telefono zenbakira deitu dezakete.
Aldaketaren bat egiteko mezurik helarazten ez dutenen kasuan 2020. urtean 2019ko egoera berean federatuak izango dira, eta dagokien kuota kobratuko zaie.