VII. Mus Txapelketarekin hasi zituzten San Martin festetako ekitaldiak, atzo, ostirala, Azpeitiko Bustinzuriko Errebaleko Pikua tabernan. Zazpi bikotek parte hartu zuten txapelketan, eta bikote txapelduna Unai Urbizuk eta Ander Kerejetak osatutakoa izan zen. Musean jarduteko bikoteko hogei euro ordaindu zituzten, eta bikote txapeldunak bildutako diruaren erdia eta txapelak jaso zituen sari gisa.
Gaur, zapatua, Errebalean ez da zezenik falta izan. Lopene ganadutegikoak atera dituzte eguerdiz eta arratsaldez. 13:00etan zezen txikiak eta poniak izan dira kalean eta arratsaldean, 16:30ean hasita, sokamuturra izan da, euritan.
Zezena erretiratu ondoren, triki-poteoa egin dute. Iluntzean, berriz, afaria egingo dute Errebalekoek Txokoa jatetxean. Afalostean, Josu Rodriguezen DJren emanaldia izango da Pikua tabernan.