Loiolako Sagardo Egunak festa eraman du basilika atarira

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 9a

Zapatu eguerdian euriak eta ekaitz giroak atseden hartuko zutela zioen gaurkorako eguraldi iragarpenak, eta itxaropen horrekin zeuden Loiolako Sagardo Egunaren antolatzaileak. 13:00etan basilikaren aurreko zabalunean hastekoa zen festa prestatzen euritan ari ziren, ordea, ordu erdi lehenago. Barealdi laburrak bereak egin zituela zirudien. Baina, azkenean, festa hasi denerako ateri zen eta horrela eutsi dio tarte dezentean, eta jende mordoska ibili da karpen bueltan, haien azpian derrigor aterpea bilatu beharrik gabe.

Loiolako hamaika baserritako sagardoa, doako txorizo pintxoak eta Berastegi baserrikoen gazta pintxoak dastatu ahal izan dituzte guztiek, Kantu-Jira taldekoek beren doinuekin eta ahotsekin festa giroa borobiltzen zuten bitartean. Duela bi urte egin zuten aurreneko Sagardo Eguna Loiolan, eta hemendik bi urtera tokatuko zaie hirugarrena egitea.

Hona hemen, gaur eguerdiko festan hartutako irudiak:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide