Moda desfilea antolatu dute Azpeitiko merkatariek azaroaren 15erako

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 8a

Azpeitiko dendarien moda desfilea izango da 'Bertan bizi, bertan erosi' filosofian oinarrituta azaroaren 15ean, ostirala, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. Azaroaren 11n, astelehenean, desfilerako sarrerak salgai jarriko dituzte kulturgunean.

Azpeitiko merkatariek moda desfilea antolatu dute azaroaren 15erako Sanagustin kulturgunean, Bertan Azpeitiko merkatari elkartearen ekimenez. 19:00etan hasiko da ekitaldia. Udazken-neguko bildumak aurkeztuko dituzte jendaurrean, "Bertan bizi, bertan erosi" filosofian oinarrituta. Bertan merkatariak azaldu duenez, herritik eta herriarentzako egindako desfilea izango da. Aurtengo desfileak, ordea, berritasun bat izango du: Atzegik parte hartuko du ekitaldian, eta elkarte horretako hainbat kide arituko dira modelo.

Moda desfilean Azpeitiko hamabi dendaren proposamenak ikus ahal izango dira: Biur, Nerea eskulanak, Kaïoa, T-Wild Clothing, Ilargi, Koket, Zume, Alar mertzeria, Zuri-Beltz, Luix Beltza eta Aitzaki Kirolak. Gainera, Inar Optikak betaurrekoak aurkeztuko ditu, eta Prest tindategiak arropa zaintzeko aholkuak eskainiko ditu. Farmazabal parafarmaziak, berriz, "sorpresatxoak" izango ditu bertaratzen direnentzat. Desfilean bertan, Kimetz eta Garai ile-apaindegien orrazkerak eta Jone eta Maikarren makillajeak ikusteko aukera izango da. Ekitaldirako Sanagustin kulturgunea prestatuko dute Naiara Larrañagak eta Irene Altuna loradendak.

Bertan merkatari elkarteak ziurtatu du "dibertsioa" izango dela moda desfilean: "Ez dira faltako musika, umorea eta kultura". Ihintza Elustondok zuzenduko du desfilea, eta Mirari Zubizarretaren eta Vincet Stoelzaed-en yoga-dantza ikuskizunak girotuko du atseden tartea. Gainera, bertaratzen den jendearen artean sariak zozkatuko dituzte.

Desfilerako sarrerak

Bi sarrera mota izango ditu moda desfileak. Eserita ikusi nahi dutenek hiru euro ordaindu beharko dituzte, eta zutik ikusi nahi dutenek euro bat. Azaroaren 11n, astelehenean, jarriko dituzte salgai sarrerak Sanagustin kulturgunean.

Bertan Elkarteak eskerrak eman dizkie ekintza aurrera ateratzea posible egin duten erakunde eta norbanakoei: "Modelo lanak egiteko interesa agertu duten herritarrei, parte hartuko duten dendei, ile-apaindegiei, dekoratzaileei, Atzegiri, Sanagustin kulturguneari eta Azpeitiko Udalari".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide