Xanti Agirrezabala

"Besteen gorputzei begiratzen diegu, baina gurearekin ahazten gara"

Maialen Etxaniz 2019ko azaroaren 7a

Xanti Agirrezabalak (Azpeitia, 1997) gaur estreinatuko du 'Satiro' antzezlana etxean. "Gizarte hipersexualizatu honetan", gorputzak ematen dituen mezuez hausnartu du.

Xanti Agirrezabala, Dinamoan. (Maialen Etxaniz)

Zein dira Satiro antzezlanaren hastapenak?

Dantzerti dantza eta interpretazio eskolan nenbilela, balleteko puntetan ibitzen ikasteko tailerra jarri zuten martxan, dantzariei bideratuta. Ni ez nintzen dantzaria, baina baletteko puntetan ibiltzen ikasteko grina piztu zitzaidan. Sekula ez dut dantza klasikorik egin, eta zorakeria bat zen, nire gorputza ez baitzegoen horretarako prestatuta. Oso burugogorra naizenez, tailerrean izena eman nuen. Nire gorputza ez zegoen horretarako prest, eta, ondorioz, belaunak eta bizkarra okertzen nituen puntak janztean. Ispilura begiratzean nirea ez den gorputz arraro bat ikusten nuen; fauno baten itxura neukan. Gustatu zitzaidan ikusitakoa, eta eskolako hainbat ariketatan faunoarena egin nuen. Emaitza gustatu zitzaidan.

Nola iritsi da faunoa satiro izatera? Nola eboluzionatu du pertsonaiak?

Gradu amaierako lana satiroaren inguruan egiten hasi nintzen, eta horrek eskatzen duen inbestigazio lanari eutsi nionean konturatu nintzen satiroak zer sinbologia duen gizarte honetan. Zerbait banekien; banekien mitologia grekoerromatarreko pertsonaia bat dela satiroa eta banekien plazera irudikatzen duela. Ez nekiena zen sexu gose ase ezin bat duen gizakiaren irudikapena ere badela, eta gaur egun sexu adikzioa duen gizonari satiroa deitzen diotela. Horrek begiak ireki zizkidan, eta lanean hasi nintzen.

Zergatik aukeratu duzu sexua obra gorpuzteko gai gisa?

Satiroak irudikatzen duenaz gehiago jakin nahi nuenean, gure sexu gosea zer den, gure fantasiak, desirak, praktikak zein diren aztertzen hasi nintzen, ingurua behatzen. Izan ere, gaur egungo gizarte hipersexualizatu honetan, ez naiz inoiz identifikatuta sentitu ingurukoekin eta maskulinitatea ulertzeko duten moduarekin. Gogoeta asko egin dut maskulinitateaz, sexualizazioaz... eta eraiki dudan mezua publikoari iristea nahi dudan bezala, mezu hori niretzat izatea ere nahi dut.

Analisi hori egiterakoan, zaila izan al da sexuaz hitz egitea ingurukoekin?

Noski. Ez gaude ohituta modu horretan sexuaz hitz egitera. Sexuaz hitz egiteko joera izan ohi dugu ia denok, izan kuadrillan, lagunartean... baina oso azaletik beti; sakoneko kontuetara jo gabe. Publikoki ia pertsona guztiek gizartearen mareari jarratzen diete eta denek antzeko gauzak dituzte atsegin. Baina sekula ez dugu gure barneko grinez nahiz fantasiez hitz egiten. Horregatik zenbaitekin zaila izan da gaiaz naturaltasunez hitz egitea.

Satiroren sormen prozesutik zer gustatu zaizu gehien? Eta zer gutxien?

Prozesua duela urtebete hasi zen, baina ikasketak tarteko ezin izan diot nahi beste denbora eskaini sormen prozesuari. Ibilbidearen alderik zailena eta ederrena eskutik emanda doazela pentsatzen dut. Lan fisiko handia eskatu dit sormen prozesuak, puntetan ibiltzeko formakuntzagatik batez ere. Entrenamendu gogorrak egin eta min izugarriak jasan behar izan ditut. Baina helburua lortzeak asko betetzen nau, eta merezi duela pentsatzen dut. Testua lantzerakoan ere antzekoa gertatu zait. Ez da erraza izan gaian sakontzea, horretaz jendearekin hitz egitea, nire buruarekin hausnartzea, irakurtzea, ondoriak ateratzea eta diskurtso bat eraikitzea. Antzezlanaren testua osatzea zaila izan da, baina oso ederra.

Beraz, formazio teorikoak ere badu bere lekua sormen prozesuan. Nor izan duzu bidelagun?

Prozesuaren zati handi bat bakarkako ariketa izan den arren, jendearen laguntza ezinbestekoa izan da hasieratik bukaerara. Kuadrillako mutilen eta nesken iritziak eta esperientziak entzun ostean, obraren testua egiten hasi aurretik, sexuaz modu teorikoagoan aritzeko grina piztu zitzaidan, eta harremanetan jarri nintzen Ane Arenasekin eta Ione de la Cruzekin. Izan ere, biek sexologiako ikasketak dituzte eta gaian oso jantzita daude. Beraien iritzia emateaz gain, hainbat artikulu eta liburu gomendatu zizkidaten, ondoren oso baliagarri izan zaizkidanak obraren gidoia egiterakoan.

Ezin aipatu gabe utzi Matxalen de Pedro, Jon Ander Urresti, Ekain Arrizabalaga, Maite Aizpurua, Erika Olaizola, Lierni Esnaola eta hasieratik bukaerara lagundu didan Carmen Olano. Gaur egun Satiro bion lana dela sentitzen dugu, eta bera ere obra estreinatzera doa gaur.

"Festa bat naiz!", diozu sipnosian. Ikusleek festa bat ikusiko al dute gaurko estreinaldian?

Gorputz bat festa bat dela dio satiroak, baina zer da festa eta plazer bezala ulertzen duguna? Gure herrian festak ulertzeko modu ugari dauden bezala, gorputzeko festak ulertzeko era asko daude, nonbait. Gorputz baten bila gabiltza beti, baina badugu gorputz bat. Gure gorputzak hitz egiten digu, eta baditu fantasiak, nahiak, ametsak… Besteen gorputzetara begira gaude, baina gurearekin ahazten gara. Horretaz hausnartuko du ikusleak, besteak beste.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide