Bertan kupoiak, erabiltzeko prest

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 5a

Azpeitiko Bertan merkatari elkarteak kupoiek kanpaina hasi du, eta herritarrek askotariko eskintzez gozatzeko aukera izango dute abendura bitartean. Kupoiak kalean dira dagoeneko.

Kanpainan parte hartu duen 45 dendetako bat da Inar optika. (Hitza)

Iazko etenaren ostean, kupoien kanpaina berreskuratu du Azpeitiko Bertan merkatarien elkarteak, eta dagoeneko abian da egitasmoa. Udazkenero bezala, askotariko eskaintza bereziez gozatzeko aukera dute herritarrek gaurtik abendura bitartean.

Aurtengoan, Azpeitiko 45 denden eskaintzak aurkitu ahal izango dituzte herritarrek, eta elkartea osatzen duten sektore guztietako produktuez gozatzeko aukera izango dute horiek; moda, bitxigintza, kirola, oinetakoak, edertasuna, elikadura, teknologia, dekorazioa... Sektore horiek guztiek osatu dute aurtengo menua. Ohi bezala, denda bakoitzak bere eskaintza propioa izango du, baina oraingo honetan, zabaldu egin dute horretarako formulen abanikoa; batzuek, orain arte bezala, deskontuak egiten jarraituko dute produktu edota marka jakinetan; beste batzuek zozketak egingo dituzte kupoiak aurkezten dituzten bezeroen artean; zenbaitek, berriz, opariak banatuko dizkiete erosleei. Produktuez gozatzeko aukera zein dendarien eskaintza, beraz, oparoa da aurten ere.

Martxan da jada egitasmoa, eta herritarrek dagoeneko erabil ditzakete kupoiak. Izan ere, Bertanek gaur banatuko du kupoien liburuxka etxez etxe Azpeitian. Kupoien erabilera errazteko asmoz, gainera, saltokiak sektoreka banatuta agertzen diren aurkibide bat egokitu dute liburuxkan; modu horretara, bezeroak jakin ahal izango du kupoi bakoitza zer orrialdetan dagoen. Behin kupoiak esku artean dituztenean, horiek erabiltzeko modua erraza da: bezeroari interesatzen zaion kupoia moztu, eta dagokion saltokian aurkeztu beharko du hark, dendak abian duen eskaintza aprobetxatu dezan. Hasiera batean, abenduaren 15ean amaituko da kupoien kanpaina, baina saltoki bakoitzak kupoian bertan zehaztuko du bere eskaintza noiz artekoa izango den.

Bertanek azpimarratu duenez, herritar orok erabili ahal izango ditu kupoiak, ez soilik Bertan merkatarien elkartearen Azpeitia Txartela dutenek. Azpeitiarrek ez ezik, gainera, inguruko bizilagunek ere izango dute horiek erabiltzeko aukera, kanpainan parte hartu duten saltokietan erosketak egiten dituzten neurrian. Horretarako, Urola Kostako Hitzaren eta Uztarriaren webguneetatik (urolakosta.hitza.eus eta uztarria.eus) deskargatu eta inprimatu egin behar dituzte kupoiak.

Azaroa indartu nahian

Bertan elkartearen asmoa da herritarrek Azpeitian bertan erostea, eta horretarako, hainbat fidelizazio kanpaina egiten du urtean zehar. Hain zuzen ere, horietako bat da orain abiatu duena: «Herriko merkataritza sustatzeko balio dute halako kanpainek. Izan ere, Gabonen atariko hilabete tristea izaten da azaroa, eta jendea animatu nahi dugu herrian erosketak egitera», adierazi du egitasmoan parte hartu duen Inar optikak.

Oharra: Etxez etxe banatu den liburuxkan akatsa dago, Tilin Talanen kupoian; saltokiak soilik arropetan egingo du %20ko deskontua; gainerako produktuek %10ekoa izango dute.

AZPEITIKO SALTOKIAK
Arrieta elektrogailuak
Diart
Esnaola Tien 21
Liho ta zura
Menfis
Tienda Azul
Tilin Talan
Urola autoeskola
Andere produktu profesionalak
Despentsa Naturala
Eguzki belardenda
Elikagunea
F. Villegas
Farmazabal
Gurrutxaga parafarmazia
Kiribil
Klinika Innova
Matxin harategia
Aitzaki kirolak
Arrospide
Azkue
Efik entrenamendu zentroa
Ikus optika
Ilargi
Inar optika
Iosu optika
Iris drogeria
Jostaldi kirolak
Kotoi mertzeria
Larrañaga kirolak
Mugi kirolak
Nerea eskulanak
Ostadar Optika
Romaes
Santi Lazkano
Arku
Babesa moda
Biur
Frida
KAÏOA
Koket
Kukua
Luix Beltza
Ufito
Zuri-Beltz
Agirre oparidenda
Danetik

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide