Trikitia inoiz baino biziago dagoela erakutsi dute Trikigiro jaialdiaren V. edizioan

Urola Kostako Hitza 2019ko urriaren 19a

Trikiti eta pandero hotsek hartu zituzten atzo –ostirala– Azpeitiko kaleak. Izan ere, Trikigiro jaialdiaren V. edizioa egin zuten, Trikigiro elkarteak eta Kulturaz kooperatibak antolatuta. 19:00etan elkartu ziren bailarako trikitilariak eta pandero-jotzaileak, eta musikari gazteenek emanaldia eskaini zuten bertan, 19:00etan. Ondoren, kalejira egin zuten Alde Zaharrean barrena, eta segidan, afaria izan zen Sanagustin kulturgunean.

Afalostean ere trikiti doinuak izan ziren protagonista; izan ere, 23:00etatik aurrera, hainbat trikiti-jotzaile eta pandero-jotzaile igo ziren kulturguneko agertokira. Besteak beste, bertan izan ziren Julen Rueda, Julen Labaka, Haritz Garmendia, Manex Torrealdai eta Ekiñe Uzkudun; Mendaroko trikitilariak; Garixe, Arbeo, Attola, Maltzeta eta Txino; Izaro Oleaga, Araitz Etxaniz, Jurgi Ituarte eta Garazi Larrañaga; Elortza eta Aizpurutxo anaiak; Lanberri, Maria Lasa, Naiara Urresti eta Garazi Otaegi; eta Lidia nahiz Itzeder.

Beste urte batez, argi gelditu da trikitia bizi-bizirik dagoela bailaran; horren erakusle izan zen atzo Azpeitiko kaleetan elkartu zen trikitilari andana eta iluntze aldera herrian sortu zen giroa.

(Argazkiak: Nora Alberdi eta Yuri Agirre / Bideoa: Erlo Telebista)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide