Azpeitiko Zezen Beltz XI. asteburuko ekitaldiek harrera ona izan dute jendearen artean. Atzo, arratsaldean, 1.900 lagun bildu ziren zezen plazako Grand Prix solidarioan. Gaur ere jende faltarik ez da izan Zezen Beltz elkarteak antolatutako ekitaldietan. 12:30ean, Erdikaletik plazara sokamutur txikia egin dute, eta Erdikalean sokamuturrerako haur eta heldu ugari bildu da. Jarraian, plazan zezen txikiak eta poniak izan dira. Ordu berean, parrilan erretako saiheskia eta oilaskoa dastatzeko aukera eskaini dute Zezen Beltzekoek, eta edatekoa eta pintxoa bi eurotan erosteko aukera izan da. Zezen Beltzekoek elkartearen kamisetak ere saltzen jarri dituzte Sanagustinpean.
Gaur arratsaldean bukatuko dira Zezen Beltz XI. asteburuko ekitaldiak. 17:20 inguruan hasita entzierroa egingo da Artzubitik herriko plazara eta buelta, hiru alditan egin dute joan-etorria. Entzierroa bukatutakoan, berriz, zezen bolaztatuak izan dira Artzubian. Kale horretako hesiak jendez inguratuta egon dira erabat.