Iraurgi saskibaloi elkarteak denboraldi berriko eta teknifikazio eskolako 30 taldeak aurkeztu zituen atzo, ostirala, arratsaldean Azpeitiko plazan. Añares ISB emakumeen talde nagusia ez -taldea Galiziarako bidean zelako- beste talde guztiak igo ziren plazako kiosko gainera. Segidan, Garagardoaren XI. Azoka irekitzeko ekitaldia egin zuten Azoka Plazan. Aurten, Lagun Onak futbol taldeak izan du azoka inauguratzeko ardura, Iraurgik oroigarri bat eman zion Iñigo Arregi Lagun Onakeko lehendakariari, eta honek bueltan futbol klubaren 75. urtemugako banderatxoa eta lepokoa oparitu zizkion Maier Lizaso Iraurgi SBko presidenteari. Gero, garagardo banarekin topa egin eta garagardo azoka ireki zuten. Gaur eta urriaren 18an eta 19an ere irekita izango da Azpeitiko Azoka Plazan muntatuta duten azoka. Egun horietan guztietan ordutegi bera du: 20:00etatik 02:00etara egongo da zabalik.