Azpeitiko Gaztetxeko kideek ikasturte hasierako batzar irekia egingo dute ostiralean, urriak 4, 18:30ean hasita, gaztetxean bertan.
Ostiraleko batzarrean asanbladaren funtzionamendua azalduko dute: zein lantalde dauden, talde bakoitza noiz biltzen den, zer egiten duen horietako bakoitzak... Horrez gain, aurtengo ikasturterako dituzten zenbait asmo aurreratuko dituzte.
Lanerako prest dauden herriko gazteei bertaratzeko deia egin diete: "Aisialdi ereduaz hausnartzeko, gazte nahiz genero problematika lantzeko, sistema kapitalistaren erroak ezagutzeko eta elkartasuna antolatzeko prest gaude. Zuek ere behetik eragiten jarraitzeko gogoz bazaudete, ostiralean ikusiko dugu elkar".