Maite Etxezarreta azpeitiarra nagusi, III. Intza-Ttutturre kilometro bertikalean

Urola Kostako Hitza 2019ko irailaren 15a

Gizonezko beteranoen mailan ere igo zen azpeitiar bat podiumera: hirugarren tokian sailkatu zen Jexux Zelaia.

Maite Etxezarreta azpeitiarra izan zen azkarrena atzo jokatu zen III. Intza-Ttutturre kilometro bertikalean. Sokaitz kirol klubeko korrikalariak 47 minutu eta 53 segundo behar izan zituen probako 3,850 kilometroak osatzeko; 963 metroko desnibela gainditu behar izan zuten kirolariek, itsas mailatik 319 metro gora dagoen Araitz bailarako Intzatik abiatu eta 1.282 metro dituen Ttutturre mendiaren tontorra harrapatzeko. Etxezarretak minutu erdi pasako aldea atera zion bigarren sailkatu zen Maite Zabaletari, eta azpetiarrarengandik ia 40 segundora iritsi zen helmugara hirugarren sailkatua, Ainhoa Lendinez.

Jexux Zelaia azpeitiarra ere igo zen podiumera Intza-Ttutturre lasterketan. Gizonen beteranoen mailan hirugarrena izan zen Zelaia; 44 minutu eta 50 segundotan osatu zuen lasterketa Lagun Onak MBkoak. Atzoko kilometro bertikala Nafarroako zein Euskal Herriko bertikalen txapelketetarako puntuagarria zen, baita Euskal Herriko Mendi Federazioaren rankinerako ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide