"Irudiaren barrunbeetan arakatzeko". Horretarako eta beste hainbat gauza egiteko eta ikasteko aukera eskainiko du Azpeitiko Dinamoa sormen guneak antolatutako Badirudi irudi bidezko narraziogintza tailerrak. Bost hilabeteko iraupena izango du Badirudik, eta Txakur Gorria sormen kolektiboko kide diren Mariñe Arbeo eta Malen Amenabar ilustratzaileek gidatuko dituzte saioak. Dena den, tailerrak ez du ilustrazioa izango ardatz, irudia baizik. Hau da, irudi mota ezberdinak landuko dituzte narraziogintza ikastaroan: ilustrazioak, argazkiak, collageak... eta horiekin zer egin eta zer kontatu daitekeen ezagutuko dute parte-hartzaileek.
Xabier Gantzarain da Dinamoa sormen guneko kudeatzailea, eta hark azaldu duenez, irudien lanketan trebatu nahi duen pertsona orok eman dezake izena Badirudi tailerrean. Finean, ikastaroa sormenean irudien bitartez murgiltzen hasi nahi eta ausartzen denari dago zuzenduta. Hori bai, 16 urtetik gorako lagunek soilik eman dezakete izena.
Irudia: tresna indartsua
Baina, nondik dator narraziogintza tailerra martxan jartzeko ideia? Gantzarainek azaldu duenez, hausnarketa eta kezka zehatz batzuetatik:"Paradoxa badirudi ere, gaur inoiz baino beharrezkoagoa eta, aldi berean, zailagoa da irudi bat sortzea; eta zer esanik ez iruditeria bat sortzea. Garai eta leku bateko jendeari zerbait esango dioten irudiak sortzea da zaila, eta horregatik da beharrezkoa, irudiaren gainean hausnartzea ezinbestekoa den bezala". Irudia "tresna indartsua" dela uste du Gantzarainek, aukera ugari eskaintzen baititu. "Irudi batekin erakutsi egin dezakegu, iradoki egin dezakegu, baina baita ezkutatu ere. Irudi batekin kontatu egin dezakegu, eta irudi sorta batekin zer esanik ez", dio. Eta, horretaz jakitun, Badirudi ikastaroan irudiaren "ahalaz eta azalaz" gogoeta egin nahi dute: "Nola egiten da irudi bat? Nola eraikitzen? Nola irakurtzen? Nola jartzen dira irudiak zirkulazioan? Non galtzen dira, eta non pausatzen? Zer kontatzen dugu irudiekin? Zer narrazio osatu daiteke irudien bidez?". Badirudi tailerrarekin galdera horiei guztiei erantzuna ematen saiatuko dira, hogei astez, ekinez eta eginez.
"Irudiak dena hartu du aspaldian: dena da irudia, eta denean dago. Irudiak sortzea inoiz baino errazagoa da, auskalo zenbat egiten ditugun egunero, ohartu gabe; prozesua azkarra da, automatikoa kasik. Dinamoko irudiaren eremua automatismo hori deseraikitzeko lekua da, eraikiz deseraikitzeko, prozesua aztertzeko, moteltzeko, geldotzeko, gelditzeraino. Irudiaren barrunbeetan arakatzeko, hankaz gora jartzeko, mundua bere horretan emango duten irudiak baino irudia bere horretan emango duen mundu bat egiteko", azaldu du Gantzarainek.
Ikasketak, su baxuan
Ugari dira irudi bidezko narraziogintza tailerrari ezarri dizkioten helburuak, eta horregatik eskainiko dizkiote bost hilabete luze. Lan lerro ugarri ukituko dituzte hilabete horietan zehar, hala nola ilustrazio teknika desberdinen aplikazioa eta garapena nahiz irudien irakurketa eta hausnarketa. Egitasmoarekin lortu nahi dutena da parte-hartzaileak irudi bidezko narrazioaren munduan murgiltzea eta kontaera bakoitza irudikatzeko modu egokia hautatzea, baita bakoitzak bere narratzeko modua bilatzea ere. Tailerrera animatzen diren lagunek irudiak sortzen, desegiten, irakurtzen eta erabiltzen ikastea, irudien gaineko begirada kritikoa hartzea, irudien bidez kontatzeko tresna propioak garatzea eta proiektu propioak nahiz kolektiboak gauzatzea da egitasmoaren sustatzaileen xedea. Hori guztia egiteko eta proiektuak behar bezala egosteko hartuko dituzte bost hilabete.
Urrian hasiko da ikastaroa, eta martxoan amaituko. Sormen tailerrera animatzen diren lagunek asteartero izango dute hitzordua Dinamoko irudiaren eremuan, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Tailerraren ordutegitik kanpo Soreasuko sormen gunean lanean jarraitzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Gehienez, hamabost laguneko taldea izango da irudi bidezko narraziogintza eskolak jasoko dituena. Saioaren gidariek, Arbeok eta Amenabarrek, orotara bi orduko iraupena izango duten 20 saio eskainiko dituzte, eta saio horietako bakoitzean gauza ezberdinak jorratuko dituzte ikasleekin. Gainera, ikastaroan zehar, beste arte diziplina batzuetako artistak edo irakasleak gonbidatuko dituzte Dinamora.
Joan den irailaren 5ean ireki zuten Badirudi tailerrean izena emateko epea, eta zabalik izango da urriaren 5era bitartean. Soldatadunek 180,00 euro ordaindu beharko dute izen ematea. Soldatagabeek, aldiz, 100,00 euro. Dinamos.eus webunean dago eskuragarri ikastarorako izenemate-orria.