Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta, Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideko zazpigarren etapa egingo dute mendizaleek irailaren 21ean. Albaina eta Biasteri artean egingo dute 25 kilometroko ibilbidea, eta han parte hartzeko hilaren 19ra bitartean eman daiteke izena, elkarteko tabernan eta webgunean. Bazkideek zortzi euro ordainduko dute, eta gainontzekoek hamar.
Hilaren 21ean, 07:30ean abiatuko dira Azpeitiko anbulatorio aurretik, eta Albainara iritsiko dira autobusez. Han ekingo diote ibilaldiari, eta GR-38 bidetik Gobesko Kobak ikusiko dituzte, Lañora iritsi arte. Ondoren, basotik Lagranerako bidea hartuko dute, eta hamaiketakoa egiteko 15 minutuko tartea hartuko dute han. Horrez gain, Lagranen 10-15 minutu hartuko dituzte osatzen ari diren GR-38 ibilbidearen Interpetrazio Zentroa ikusteko. Lagrandik aurrera, eguneko igoera nagusia izango dute mendizaleek; 'Paso del Toro' lepoa igoko dute. Han, 20-30 minutuko geldialdia egingo dute bazkaltzeko. Ibilaldiari amaiera emateko, Biasterira jaitsiko dira, eta han denbora librea izango dute. Ondoren, Azpeitira itzuliko dira.
Bestalde, Lagun Onak irailaren 21eko ibilaldi horretan hasiko da urrian 19an egingo duten azken etaparako eta bazkarirako txartelak saltzen. Izan ere, egun horretan goizean egingo dute azken etapa, eta ondoren bazkaria egingo dute El Embarcadero jatetxean. Ibilaldi horretarako eta bazkarirako txartelak 50 euroan salduko ditu elkarteak.