Nola sortu zen Istilu musika taldea?
Aspalditik geneukan musikaren bueltan zerbait egiteko grina. Ezagun batzuek Zubizarreko entsegu lokaletako giltza zuten, eta hori dela eta, egun batean bertako instrumentuak probatzera animatu ginen. Hasieran, hiru ginen, Manex [Hernandez], Josu [Artetxe] eta Aitzol [Briz], eta ondoren batu zen taldera Eneko [Larrañaga]. Entseatzeko gelditzen hasi ginen, eta gauzak ondo zihoazela ikusita, Azpeitiko Gaztetxeak antolatzen duen Bertsio Gauan parte hartzera animatu ginen. Orduan deitu genion Juleni [Odriozola], musika taldea behar bezala borobiltzeko. Bertsio Gauan parte hartzeko konbentzitu genuen, eta horrela jarraitu dugu gaur arte.
Zein musika talde dira erreferente zuentzat?
Entzutea gustatzen zaigun musika mota sortzen dugu. Erreferente ditugu, besteak beste, Nafarroa 1512, Alerta Gorria, Never Surrender, Verräter, Against You, The Sinners... musika taldeak. Horien bertsioak jotzen ditugu kontzertuetan.
Betsioak ez ezik, zuen kantuak ere jotzen dituzue.
Guk sortutako lau kantu ditugu, eta bidean da bosgarrena. Gehienak elkarrekin sortutakoak dira. Lehenik, erritmoak sortu genituen, eta ondoren gehitu genizkien hitzak. Horrela sortu genituen bi abesti. Beste bi kantuak, aldiz, lagunek idatzitako hitzekin osatu ditugu. 'Gaizkile' izeneko abestiaren letra Gaizka Arruek sortutakoa da, nahiz eta ondoren moldaketa batzuk egin dizkiogun. 'Fusilak ala kateak' abestiaren letra, berriz, Oier Salegik egindakoa da. Hark esan zigun bazituela berak idatzitako olerki batzuk tiradorean gordeta, eta nahi bagenuen lasai hartzeko. Gaizkile abestiarekin egin genuen moduan, Fusilak ala kateak olerkia hartu eta gure doinuetara ekarri genuen.
Zer esaten dute zuen abestiek?
Kantu bat lagunei eskainitakoa da, eta beste hiruak gaur egungo egoera sozialaren gaineko kritikak dira. Inposatzen dizkiguten hainbat konturekin bat ez gatozela adierazten dugu abestietan, eta sistema kapitalistaren jazarpenen kontra egitera animatzen dugu entzulea.
Diskoa, noizko?
Diskoa agian ez, baina abesti sorta bat grabatzea nahiko genuke, sarean entzungai jartzeko eta modu horretan jendearengana gehiago iristeko. Musikaren munduan ibilitako hainbat ezagunek laguntza eskaini digute, eta gure asmoa da sortutako kantak grabatzea. Dena den, disko fisikoa urruti ikusten dugu oraindik, horrek eskatzen duen lanarengatik.
Nolakoa izan da oholtzetara egindako jauzia?
Uste baino azkarragoa. Pentsatzen genuen udan gehienez bi kontzertu eskainiko genituela, eta azkenean jasotako gonbidapen ugariri ezetz esan behar izan diegu. Hain zuzen, jo ditugun kontzertuak baino gehiago izan dira baztertu behar izan ditugunak. Aurreneko kontzertua Azpeitiko Gaztetxean eskaini genuen, Krisiaren seme-alaben proiektuaren alde, eta horrek hauspo handia eman zigun. Gau hartako oroitzapen ederrak ditugu. Orduko hartan Bake Faltsua taldeko kideekin elkarbanatu genuen oholtza, eta izugarrizko gertutasuna adierazi ziguten. Oso jende jatorra da, eta orduz geroztik harremanetan gaude haiekin. Gaztetxeko kontzertuaren ondotik iritsi ziren Beasaingoa, Azkoitikoa, Urrustilgo jaietakoa... baita urtarrilean Errekaleorren eskainiko duguna ere.
Sasoi batean eskualdeko herrietan indar handia izan zuen Oi! musikak. Txarrantxa tabernaren itxierarekin batera, pixkanaka apaltzen joan zen musika mugimendu hori. Nola ikusten duzue gaur egungo egoera?
Beti entzun izan dugu lehen izugarria zela Azpeitian Oi! musikaren bueltan zegoen mugimendua, baina garai horrek ez gintuen harrapatu, eta gaur egun zaletasun handia dagoela iruditzen zaigu. Indartsu ikusten dugu street punk-Oi! musika gazteen artean.
Ondoko entsegu gelan neska talde bat ari da entseatzen. Nola ikusten duzue nesken presentzia musikaren munduan?
Oso neska gutxi animatzen da mota honetako musika egitera, eta pozgarria da gutxi horiek behintzat animatzen direla ikustea. Guk ahal dugun guztian lagunduko diegu, eta asmoa da haiekin batera kantu bat egitea. Neska gazteak musikaren mundura animatzea nahi dugu.
Aurreneko hegaldian ez zaizue babesik falta izan...
Izugarrizko babesa jaso dugu hasieratik. Inguruko lagunek, adineko jendeak, herritar zaharragoek... bikain erantzun dute kontzertuetan nahiz kontzertuetatik kanpo. Kamisetak atera genituen, eta jende ugarik erosi ditu, egiten dugun musika gustatu edo ez. Horrek indar handia eman digu. Gainera, irabazitako dirua etorkizunean musikalki garatzeko baliatuko dugu. Horren harira, eskerrak eman nahi dizkiogu Erik Aznali, asko lagundu baitigu bidea hasi genuenetik. Horrez gain, eskerrak eman nahi dizkiogu inguruko lagunei, kontzertuetara bertaratu direnei nahiz kontzertuak emateko deitu digutenei, baita kamisetak erostera animatu direnei ere. Eta, bereziki, Azpeitiko Gaztetxeko kideei. Aurreneko kontzertua bertan jotzeak asko lagundu digu, eta oso eskertuta gaude jasotako laguntza eta babes guztiagatik.