Hilaren 15ean jokatuko dute Akoako Bira, eta izena eman daiteke

Urola Kostako Hitza 2019ko abuztuaren 26a

Korrikalariek 7,8 kilometroko ibilbidea osatuko dute Zestoako Akoa auzoan, eta korrikalariek Internetez zein Kirol Aretoan eman dezakete izena, bost euroan. Egunean bertan, ordaindutakoa itzuliko diete antolatzaileek.

Datorren hilaren 15ean, igandez, Akoako Bira jokatuko dute hamalaugarren aldiz, Zestoako Akoa auzoan. Korrikalariek 7,8 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute auzoan zehar, eta horiek eman dezakete dagoeneko izena, www.herrikrosa.eus atarian eta Zestoako Kirol Aretoan. Izena ematean bost euro ordaindu beharko dute lasterkariek, eta probaren egunean, dortsala jasotzerakoan, dirua itzuliko diete antolatzaileek. Gehienez, 150 lagunek parte hartu ahal izango dute lasterketan.

Ohi bezala, 10:30ean hasiko da proba, Santutxutik, eta antolatzaileek aurreneko bost sailkatuei sariak banatuko dizkiete. Era berean, parte hartzaile guztiek opari bana eta hamaiketakoa jasoko dute, eta hainbat zozketa ere egingo dute. Dutxa zerbitzua ere eskainiko dute antolatzaileek.

Helduen lasterketa amaitzean, bestalde, umeen txanda izango da. Izan ere, 6 eta 12 urte bitarteko haurrek Akoa Txikia lasterketa egingo dute. Asto karrerak ere egingo dituzte 12. aldiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide